Zarama batzeko edukiontzi berriak Gobernu-taldearen "akatsa" dela deitoratu du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 8a, 16:50
Edukiontzi berriak, Algortan.

Getxo udalerrian oraintsu ezarri diren edukiontziek kexa ugari eragin dute auzokideen artean. Sare sozialetan agertu diren hainbat mezuren arabera, jendeak "irisgarritasun-falta" eta "zikinagoak" direla salatu du. Halaber, aurreko edukiontziak zabaltzeko zeuden pedalak faltan bota dituzte askok. Horren harira, EH Bilduk galdegin dio Gobernu-taldeari biltegi berrien kostua zenbatekoa izan den, eta jarritakoak ordezkatzeak zein inbertsio beharko lukeen.

Zarama biltzeko ontzi berriek zeresan handia eman dute azken egunotan udalerrian. Horren harira, oposizioko alderdiek hainbat galdera egin dizkiote Gobernu-taldeari, "baina aitzakiekin baino ez digu erantzuten", kexatu da koalizio abertzalea. "Zuzen jokatu nahi izan dugu, baina, esan bezala, orain arte ez dugu erantzun egokirik jaso", gaineratu dute zinegotzi independentistek.

EH Bilduk gogoratu duenez, Udalak "behin eta berriro" esan du edukiontziak "irisgarritasunagatik" hautatu direla, baina, koalizioaren ustez, hori "aitzakia baino ez da".

Horrez gainera, Gobernu-taldeak "egi borobilak ez diren bestelako aitzakia batzuk ere" erabiltzen dituela deitoratu dute zinegotzi independentistek, tartean Hondakinen Foroan "alderdi guztion ordezkariak daudela, eta beraz, Hondakin Foroaren oniritzia zutela aukeratutako zarama-ontziek, eta azkenik, tentu handiz hartutako erabakia dela". EH Bilduren arabera, ez da guztiz egiazkoa foro hartan ontzi-mota horiek hautatu zituztenik.

Horren aurrean, zehaztapen batzuk egin ditu EH Bilduk: "egia da Hondakin Foroan alderdi guztien ordezkariak daudela, baina bertan ez da erabakirik hartu ontzien inguruan. Gobernu-taldeak eta enpresak edukiontzien aurkezpena egin zuten, baina ez zen ontzi ezberdinen gaineko hautaketarik egin".

Hartara, koalizio subiranistaren ustez, Gobernu-taldeak ez zuen pedalaren kontua aintzat hartu "ahaztu egin zitzaiolako". Akatsak egitea "normala" dela aitortzen du udal-taldeak, halere, akats horiek ez onartzeak larritzat hartu du, "are gehiago diru publikoaren kalterako denean".

Amaitzeko, EH Bilduk nabarmendu gura izan du Santurtziko Udalak Getxokoak ipini duen edukiontzi-eredu berdina erabili duela, baina berezitasun bi gaineratuta: estalkia zabaltzeko pedala eta eskuz eragiteko palanka". "Beraz horrek agerian uzten du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak defendatutako edukiontzia baino 'perfektuagoa' egon bazegoela", gaineratu dute.

Erlazionatuak

HHSen edukiontziak berritzen hasi dira Getxon

Iker Rincon Moreno 2016 abe 19 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun