Marcos Morales, urrea eta brontzea ergometroko Munduko Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 13a, 18:42
Marcos Morales, ezkerrean, Wollenschlaegerregaz eta Blythegaz. © RASPAS

Marcos César Morales Sarmientok ezin izan du berretsi iaz arraun-ergometroan banaka lortutako munduko txapela. Raspas arraun-elkarteko entrenatzaile eta arraunlariak brontzezko dominagaz konformatu behar izan du oraingo honetan, 40-49 urteko kategorian. Halere, taldekan, bai lortu du urrezko metala. Munduko Indoor Arraun Txapelketa pasa den aste-akabuan jokatu zen, AEBko Bostongo Unibertsitatean.

Banakako modalitatean, Moralesek 06.03,5 marka egin zuen 2.000 metroko proban, eta bi segundora baino ez zen geratu urrezko eta zilarrezko dominetatik; Luke Wollenschlaeger hegoafrikarrak (06.01,3) lortu zuen lehena, eta Sam Blythek (06.01,6), bigarrena.

Halere, talde mistoen kategorian, Marcos munduko txapelduna izan zen, hirugarren urtez jarraian. Oraingo honetan, taldea osatu zuen Finlandiako eta AEBko bi gizonezko arraunlariakaz eta Ukraniako emakumezko arraunlari bategaz.

Titulu berri horiek lortu baino egun batzuk lehenago, Europako txapela bi jantzi zituen Raspaseko arraunlariak ergometroan, kilometro biko eta 500 metroko probetan.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun