Edukiontzien ordezkapena amaituta, aldaketak egiten dabiltza "hobetzeko puntuak" aurkitzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 16a, 16:55
Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, prentsaurrekoan. © GETXOKO UDALA

Zarama biltzeko edukiontzi denak ordezkatzeko prozesuari amaiera eman diote daborduko Getxon. Guztira, 1.367 ipini dituzte, 422 leku edo multzotan sailkatuta. Datuon arabera, Getxo lehenengo udalerrietakoa da Bizkaian edukiontziak/biztanleko ratioan (190 biztanle inguru edukiontzi bakoitzeko). Hala adierazi du gaur Getxoko Udalak, eta jakinarazi duenez, 312 edukiontzi gehiago ipini ditu, batez ere papera eta kartoia eta ontziak biltzekoak. Horrez gainera, materia organikoa biltzeko edukiontzi marroiak ere gehitu dituzte (422), Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldu duenez.

Kontainer denak behin kokatu ostean, kokapen horiek baliozkoak diren edo ez aztertzeari ekingo dio Udalak. Hala, probatze horregaz, udalerriko auzokideen beharrei erantzun egokia eman ezean, zuzenketak eta doikuntzak egingo dituzte. Daborduko 35 zuzenketa egin dituzte multzoetan, gutxi gorabehera; aldaketa eta doikuntza horien helburuak, batez ere, honakoak izan dira: ibietan edo errespetatu beharreko pasabideetan eta oinezkoen pasalekuetan arazoak saihestea; posible izan den lekuetan edukiontziak espaloietatik kentzea; edukiontzien geldilekuari edo horien atzeko igarolekuari irisgarritasun hobea ematea; beira, arropa eta olioa biltzekoak edukiontzi berrien inguruan batzea; eta gai denak kabitzeko moduko alde batzuk egokitzea herritarrentzat erosoagoa izan dadin, dena toki berean birzikla daitekeelako.

Kasu batzuetan homogeneizatu egin dira aldeak eta multzoak, eta horietan gutxienez hiru edukiontzi daude: papera, ontziak eta errefusa (%42); beste batzuetan, lau edukiontzi instalatu dira, beirarena barne (%45) eta, azkenik, egunera arte dauden bost edukiontziak dituztenak, baita olioarena ere (%13). Horiez gainera, ehun eta tresna txikien 19 edukiontzi daude eta beste 19 pilarenak, baita garbigune mugikorra eta garbigune nagusia.

Horrez gainera, inguruneak multzoetara egokitzeko neurriak aztertzen dabiltza, puntu denetan "irisgarritasun mailarik handiena" lortzeko; horren ondorioz, obra txikiak egin beharko dira zenbait multzotan, aurtengo lehenengo lauhilekoan edukiontzi marroia ezarri ondoren.

Zaborra biltzeko zerbitzua, gainera, goizera pasatu da, Areeta eta Algortako erdiguneetan mantentzen den ibilbide baten kasuan izan ezik; era horretan, aldi berean erantzuna eman zaio zarata murrizteko eskatzen zuen herritarren eskabideari.

Urte amaierarako lurpeko edukiontziak jarriko dira Itzubaltzetan, Areetan eta Algortan

Lurpeko edukiontziei dagokienez, uste da martxoaren amaierarako abian jarriko direla Itzubaltzeta/Romoko Kresaltsu eta Ibaiondo kaleetan eta, urte amaierarako, lurperatuta egongo dira Areetako Kale Nagusikoak, Andres Larrazabal kalearen eta Xake plazaren artean, baita Algortako etorbidekoak ere (kasu honetan Telletxe  eta Torrene arteko tartean). Horiek guztiak Juan Bautista Zabala, Torrene eta Bidezabal kaleetan daudenei batuko zaizkie.

Denda, ostalaritza eta ekoizle handiakaz jarduera berriak

Dendaz dendako zerbitzua ezarri eta gero lortu diren emaitza "bikainak" ikusita, beste urrats bat emango du Udalak. "Berriro hurbilduko gara denda, ostalaritza eta ekoizle handiakaz harreman zuzena izateko, honako helburu hau lortze aldera: jatorrizko gaikako bilketa hobetu, eta edukiontziak gainezka eta beteta ez egoteko, batez ere kartoiarenak", azaldu du Arregik. "Arrandegiakaz egingo da hori, esate baterako, frakzioak nahasi ez ditzaten, ondorengo gaikako tratamendua galarazten baitute; dendetan ere, edukiontziak zenbait leku eta ordutan gainezka ez egotea saihestu gura dugu, batez ere kartoiarenak".

Supermerkatuakaz ere berriro harremanetan jarriko dira horien zamalanak industriako paper eta kartoiaren bilketagaz bateragarri egiteko. Arregik aurreratu duenez, "Errotatxu industrialdeko enpresakaz harremanetan jarri gara dagoeneko, jarduera bakoitzari dagokion bilketa ezartzeko. Horri esker, gune horretako edukiontziak kentzea pentsa dezakegu".

Hondakinen Kudeaketarako Foroa

Hondakinen Kudeaketarako Foroaren azken bileran, honako gai hauei buruzko informazioa eman zen: edukiontzien ordezkatzeari buruzkoa eta Neguri eta Zugatzarten etxez etxeko bilketa-sistema ezartzeko datu-hartzearen inguruko lanaren gainekoa. Foroaren partaide dira, honako hauek: alderdi politiko denetako ordezkariak, Udaleko teknikariak, zerbitzua eskaintzen duen enpresako eta gaian aditua den enpresa bateko kideak, ingurumenari lotutako elkarteak, kontsumitzaileak eta dendariak, Udal iturriek jakinarazi dutenez.

"Sartuta gauden prozesu oso honek baikorrak izatera bultzatzen gaitu gure erronka lortzeari dagokionez, hau da, gure udalerrian 2022an hondakinen gaikako bilketaren %50era iristea. Gure leloak, 'Pausuz pausu', iragartzen duen legez, erronka hori lortzeko bide onetik goaz", aipatu du Arregik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun