Maider Arregik jantzi du Abra Sariko txapela

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 22a, 10:13
Maider Arregi oñatiarra, txapela buruan. © ALBE

Algortako La Ola jatetxean egin zen XVI. Abra Saria, joan den barikuan, otsailaren 17an; Maider Arregi oñatiarrak irabazi zuen buruz burukoa, Joanes Illarregi leitzarragaz jokatu ostean. Saioa erritmo onean joan zen eta oso maila txukuna erakutsi zuten parte hartu zuten sei bertsolari gazteek, Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) arduradunek azaldu dutenez.

Horra hor zein bertsolarik parte hartu zuten XVI. edizio honetan, kantatzea egokitu zitzaien hurrenkeran: Ane Beloki (Legazpi), Joanes Illarregi (Leitza), Maider Arregi (Oñati), Peru Abarrategi (Aramaio), Txaber Altube (Abadiño) eta Unai Mendiburu (Algorta).

Beñat Vidal leioaztarrak gidatu zuen saioa eta epaimahaian hiru epaile eseri ziren, idazkari lana egin zuen Arkaitz Gomez algortarraren ondoan: Nerea Bruño (Atarrabia), Martin Aramendi (Ataun) eta Joseba Santxo (Getxo).

Gaiak ALBEko gai-jartzaile taldeak atondu zituen, eta entzuleen iritzian oso onak izan ziren. Kopla saioa Aritz Landeta getxoztarrak jantzi zuen, soinu txikiaz.

Txapela ALBEko lehendakari Trino Azkoitiak jantzi zion Maiderri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun