Aratusteak 2017

Aratuste beldurgarriak, Itzubaltzeta/Romon

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 10:34
Aratusteak Itzubaltzeta/Romon, artxiboko irudian.

Inauteriak ospatzen lehenengoak izango dira Itzubaltzeta/Romoko auzokideak, zapatuan hasiko dira eta ekitaldiak.

Itzubaltzeta/Romoko inauteriek emango diote hasiera Getxo udalerriko mozorro-jaiari. Izan ere, auzo horretako bizilagunak izango dira mozorroak jantziko dituzten lehenengoak; aurtengo gaia «beldurra» izango da. Zapatuan, hilaren 25ean, Santa Eugenia plazan egingo dituzte goizeko jarduerak; 12:00etan umeentzako jolasak eta tailerrak egongo dira; ondoren, 13:00etan, umeentzako mozorro-lehiaketa egingo dute. Arrastian, 06:00ak aldera, txokolatea banatuko dute Cervantes plazan; jarraian, ordu erdiren buruan, kalejira eta nagusien mozorro-lehiaketa egingo dituzte. Kalerik kale ibiliko dira, Zaratanba batukadaren soinuan dantzan. Iluntzean, 20:00etan, umeentzako berbena egongo da Santa Eugenia plazan, Poxpo eta Lintxoren ekimenez.

Azkenik, mozorroen egunari amaiera emateko, erromeria egongo da, 22:00etan, Urrats taldeagaz. Zuzeneko musikaz goizeko 02:00ak arte gozatu ahal izango da bertan. Hurrengo aste-akabuan, berriz, Boliviako inauteriak gogora ekarriko dituzte, 18:30etik aurrera, Bizkaia Zubitik hasiko den kalejiragaz eta ondoren egingo dituzten dantzen erakustaldiagaz.

Inauterien jaia eta horretan egingo den mozorro-lehiaketa hainbat eragileren eta auzoko tabernen elkarlanari esker antolatu direla jakinarazi gura izan dute arduradunek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun