Hezkuntza  Getxo 2017-03-27 16:52

Ingurumen Aretoa zabaldu dute berriro Algortan

Getxoko Udalaren Ingurumen Aretoa zabaldu dute gaur, astelehenean, Larrañazubin. Romo ikastetxeko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako 24 ikasle joan dira bisita egitera. Bertan, birmoldatutako instalazioak ezagutzeko aukera izan dute. Udal iturriek jakinarazi dutenez, aretoak lau urtez itxita egon da, "aurrekontu-doikuntza batengatik". Orain, horren helburu nagusia honakoa da: ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta gure inguruneko garapen jasangarria suspertzea, bertako berezko baliabideak baliatuz.

Ingurumen Aretoa zabaldu dute berriro Algortan
José Luis Landa zinegotzia Ingurumen Aretoaren kanpoaldean. © GETXOKO UDALA. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aretoa berriz irekitzeko ekitaldian, José Luis Landa Ingurumen zinegotziak adierazi du aretoa informazio- eta ingurumenarekiko sentsibilizazio-ekipamendu bat dela, "gure gizartean ingurumen arloko problematika ezagutzera eman eta Getxoko eta inguruko herrietako bizilagunen artean Garapen Jasangarria ahalbidetzeko jarduerak sustatzeko helburuarekin sortu zena. Giza jarduerek ingurumenean duten eragina ezagutzera eman nahi du eta haren babesa eta hobekuntza ahalbidetuko dituzten jarduerak sustatu nahi ditu. Horrez gainera, Getxoko ondare naturala erakutsi nahi du, horren ezagumenduak bere babesa ahalbidetuko baitu".

Larrañazubiko baserri birgaitua da Ingurumen Aretoa, Bolueko hezegunetik gertu eta hiri hondakin solidoen transferentzia-gunetik metro gutxira dago. Leku bi horiek zentroko bisitetan sartuta daude, eta 2007ko urrian zabaldu zenetik, milaka lagun, eskola ume zein, oro har, hiritar igaro dira bertatik.

Landaren arabera, Ingurumen Aretoaren asmoa da inguruneaz gozatzeko leku bat eskaintzea Getxori eta inguruko udalerriei, "eta era berean, balioak ikastea, ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta garapen jasangarria bezalako balio garrantzitsuak".

Ingurugiroa ezagutzeko zentroak erakusketa iraunkor bat (informazio-panelak, ikus-entzunezkoak, joko elkarreragileak, lehiaketak…) hartzen du eraikin nagusian. Horrez gainera, tailerrak antolatzeko areto bat dago, piknik-gunea eta parke botaniko txiki bat ere, inguru horretako ibilbidea osatzen duena. Edozein adineko pertsona erraz ibiltzeko ingurua da, mugikortasun urriko lagunentzat ere.

Hezkuntza-programa eta dinamizazio-jarduerak

Bere egitekoa betetzeko, zentroan bi lan garrantzitsu egingo dira, Ortzadar ingurumen enpresaren eskumenez: hezkuntza-programa eta dinamizazio-jarduerak.

Jendearen arretarako ordutegia astelehenetik barikura artekoa izango da, 09:00etatik 14:30era arte eta 15:30etik 17:30era arte. Asteburu eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00ak arte. Informazioa eta erreserbak: 688 883 596 telefono zenbakian eta Getxo.eus eta Ortzadar.es webguneetan.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Erantzuna | #1

Getxoko Udalak, ingurumenaren babesak benetan axolako balio, akuifero garrantzitsua kaltetuko duen Ibarbengoako parkingaren kontra agertu beharko luke, hori babestu beharrean. Izan ere hori da giza jarduerak ingurumenean eragiten dituen kalteetako adierazle argienetakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa