Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Getxoko Udal Gobernua gaztetxearen gaineko "balorazio teknikoaren zain" dago

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 19a, 16:15
Suhiltzaile bat Itzubaltzeta II gaztetxearen kalteak aztertzen.

Imanol Landa Getxoko alkateak berretsi egin du bere gobernu-taldearen konpromisoa Itzubaltzeta/Romoko Errekaganeko pabiloiak birgaitzeko proiektua gauzatzeko. Alkateak gaur goizean kiskalduta geratu den Itzubaltzeta II gaztetxearen ondoan egin ditu adierazpenak. Halere, esan du eraikinaren egoeraren gaineko balorazio teknikoaren zain geratu beharra dagoela, erabakiak hartu aurretik. Hala, ez dago argi Udalak Itzubaltzeta gaztetxeagaz dituen konpromisoak beteko dituen. Sutea suhiltzaileek amatatu dute eta kontrolpean dago, erabat amatatzeko lanen azken fasean.

Sutea pabiloietako barrualdean isiotu da gaur goizean, 09:40 aldera. Sutea sortu den lekura hurbildu dira suhiltzaile-taldeak eta Getxoko Udaltzaingoko eta Babes Zibileko partaideak. Barruan zegoen pertsona bat atera dute kalera, onik.

Landa bera ere hurbildu da pabiloietara egoera bertatik bertara ezagutzeko. Adierazi du une honetan txosten eta azterketa  teknikoen zain daudela udal ekipamendu hori zer egoeratan geratu den jakin eta balorazio bat egiteko, baita sutea zelan eta zerk sortu duen jakiteko ere.

Alkate getxoztarrak nabarmendu duenez "Udalak aurrera egin du, bere aurreikuspenen arabera, pabiloiak birgaitzeko proiektua bultzatzeko, gauzatu aldera. Proiektu horren esleipena bere azken fasean zegoen, pabiloiak kokatuta dauden lursailak erosteko Udalak abiatutako prozesu administratibo luze baten ondoren –lursailak jabego pribatukoak baitziren–, eta udal planeamenduak agintzen zuena betez”. Prozesu luze hori iazko abuztuan amaitu zen, Landak berak gogoratu duenez.

Alkatea, azkenik, pozik agertu da kalte pertsonalik ez delako izan sutearen ondorioz, eta suhiltzaile eta udaltzainak zoriondu ditu azkar jokatu dutelako. Halaber, barkamena eskatu die eragozpenegatik inguruko auzotarrei eta Metroko erabiltzaileei, zerbitzua eten behar izan dutelako Leioa eta Gobelako geltokien artean. Dagoeneko badabil.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun