Udal hauteskundeak 2015

Josu Unanue: "Erregimen frankistaren arduradunek oraindik ere zigorgabetasunaz gozatzen dute"

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 6a, 16:09
Josu Unanue Bizkaiko ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaia (ezkerrean) eta Juan Azkarate, Euzkadiko Gu­don­tzidiko bizirik dagoen azken gudaria (eskuman). © Bizkaiko EH Bildu.

Matxitxakoko itsas batailan parte hartu zuten gudariak eta senideak omendu zituzten atzo, eguena, Gorlizen. Kandelaria Kultur Elkarteak antolatutako ekitaldi horretan, besteak beste, Juan Azkarate Euzkadiko Gu­don­tzidiko bizirik gelditzen den azken gudaria eta Josu Unanue Bizkaiko ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaia izan ziren. Unanueren hitzetan, “Euskal herritarron borondatearen eta izaeraren kontrako erasoen aurrean askatasunaren alde borrokatu zutenak guretzat eredu dira. Gizon eta emakume haien duintasunak argitzen du gure etorkizuneko bidea”. Halaber, koalizio soberanistaren hautagaiak salatu du erregimen frankistaren arduradunek oraindik ere “zigorgabetasunaz gozatzen” dutela. “Faxistek egin zituzten krimenak epaitu gabe jarraitzeak argi adierazten du espainiar estatuak oraindik demokraziarekin dituen zorrak”, gaineratu du.

1937ko martxoaren 5ean, gerra garaian, Galdames merkantzia-ontzia Bilborantz zihoan, 173 bidaiari bizkarrean zeramatzala. Matxitxako parean, errefuxiatu eta politiko errepublikar ugari zeuden ontzi hark frankisten Canarias gerra ontziagaz egin zuen topo. Galdames babesteko inguruan zeuden bou euskaldunek Canarias-i egin zioten aurre. Faxisten gerra ontziak bou haietako bat, Nabarra, hondoratu zuen eta beste bi, Gipuzkoa eta Bizkaya, matxuratu.  Guduak bi ordu baino gehiago iraun zuen eta Nabarrako 49 gizonetik 20 baino ez ziren salbatu. Enrique Mo­reno komandanteak nahiago izan zu­en borrokan hondoratu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun