Udal hauteskundeak 2015

Arantza Etxebarriak eutsi dio Gorlizko alkatetzari

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 13a, 16:41
Arantza Etxebarriak bere bigarren legealdiari ekin dio gaur.

Arantza Etxebarria Villabeitia izango da beste lau urtez Gorlizko alkatea. Jelkideak bere alderdiko sei botoak jaso ditu eguerdian egindako udal bilkuran. Nahikoa izan da aginte-makila jasotzeko, zerrenda bozkatueneko alkategaia izategatik; Gorlizko Independenteen Taldeak eta EH Bilduk nork bere hautagaia bozkatu duela. Gauzak horrela, Mari Carmen Basabe Irustak 4 boz eskuratu ditu eta hiru, berriz, Gabi de la Maza Alonsok. Azken talde horiek biek Udalbatza, Udal Gobernua, Udal Lan Batzordeak eta Uribe Kostako Mankomunitateko ordezkaritza arautu eta partekatzeko akordioa sinatu zuten pasa den eguenean, baina hitzarmen programatiko barik agiri horrek ez ditu bultzatu elkarri konfiantza emateko.

Etxebarriak hauteskundeetan botoa eman duten herritar denei eskerrak eman dizkie, "euren botoa edozein izan dela ere", eta bereziki EAJren boto-papera aukeratu dutenei. Trukean "lana, ahalegina eta gardentasuna" agindu die. Bestalde, "helburutzat hartuko ditugun jomugak lortzeko beste indar politikoakaz" lan egin ahal izatea desiratzen duela iragarri du alkateak.

EH Bilduren proposamenak

Alkatetzan jesartzeko aukera galduta, Mari Carmen Basabe independenteak uko egin dio Udalbatzan solastatzeari. EH Bilduko Ainhoa Malaxetxebarriak, berriz, azpimarratu du "datozen lau urteei begira bide berri bat hasten" duela Gorlizko Udalak eta eskertu du bere zerrendak jasotako babesak. Era berean, eskerrak eman die beste aukera batzuk defendatuta ere, "herriaren hoberena desiratu duten Gorlizko herritar guztiak". EH Bilduk "herri honen alde egiten jarraituko" duela agindu du, "jarrera eraikitzaileaz eta irekiaz", bere ustez "azken lau urteotan egin legez". Malaxetxebarriaren aburuz, koalizioa "indartsu eta gogoz" dabil herritarren arazoei eta kezkei erantzuteko.

Bere taldeko Gabi de la Maza zinegotziak, berriz, EH Bilduk legealdirako finkatu dituen lau lehentasunak iragarri ditu, ezkerreko mezu argia zabalduz. Lehenengoari dagokionez, "erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean akordioak ahalik eta zabalenak bilatuko ditugu", ziurtatu du, etorkizuna "gorliztarron eta euskal herritarron esku egon dadin". Horren adibide jarri du pasa den eguenean Independenteakaz sinatutako akordioa, EAJri ere eskaini ziotena: "Arantza, guztion alkatea gura baduzu izan, eta ez EAJkoa bakarrik, funtzionamendu zabalagoa lortu behar dugu denon artean", zuzendu zaio alkateari.

Bestalde, "Udala herritarrena izatea gura" duela baieztatu du EH Bilduk, "parte hartzeari bideak irekiz herritarren eta herri eragileen parte hartzea sustatzeko". Horretarako, "denon artean" arauak aldatzeko deia egin dute. Alkateagaz bat etorri dira "gardentasuna" aldarrikatzean eta hori ziurtatuko duten neurriak eskatu dituzte. Azkenik, "krisiaren ondorioei aurre egiten" jardungo dutela hitza eman dute: "gorliztar denen eskubide sozialak ditugu lehentasun EH Bilduk". Herritarren ongizatea Udalaren helburua izan dadin lan egingo dutela iragarri du: "gutxien dutenen aldeko jarduna izango da gurea; murrizketa sozialei aurre egin eta bizitza duin baterako pertsona orok behar dituen baldintzak borrokatuz".

Azkenik Jose Antonio Martinez EH Bilduko zinegotziak omenaldi txiki bat egin die aurreko legealdian Bilduren izenean aurkeztu ziren pertsonei. Izan ere, gogoratu duenez, Gorlizko zenbait pertsoni "aukeratua izateko eskubidea ukatu zitzaion inolako inputaziorik edota zigorrarik izan barik" dozena bat urtez eta horiek udal zerrendetan ordezkatzeko "esperientzia politikabako baina gogo handiko pertsonek eman zuten pausua". Esker beroa adierazi die denei, Udalbatza osoaren txaloen artean.

Erlazionatuak

Gorlizko Udalbatza (2015-VI-13)

Iker Rincon Moreno 2015 eka 13 Gorliz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun