Dozenaka lagunek eman diote sostengua Aletxu Zobarani

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 19a, 14:24
Atzoko elkarretaratzea. © AAEAM

Aletxu Zobaran preso gorliztarraren eta Ibon Goieaskoetxea gatibu busturiarraren alde elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek; Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean batutakoak 57 izan ziren, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren (AAEAM) arabera. Bildutakoek bat etorri ziren preso biek Alpeetako Valenceko kartzelan darabilten sakabanaketaren aurkako borrokaldiakaz.

AAEAMk gogora ekarri duenez, Goieaskoetxeak eta Zobaranek lagun eta senideen bisitei uko egiten jarraitzen dute, isolamendu-ziegaren barruan, "urruntzea eta preso politikoen sakabanatzea salatzeko". Horren ondorioz, astean telefono dei bakarra egin dezakete eta egunean ordubete baino ez dute patiora ateratzeko. Gainontzeko denbora guztia ziegan ematen dute. "Borrokaldi gogorra burutzen ari dira biak", amnistiaren aldeko eragilearen arabera.

Valenceko kartzela Euskal Herritik 962 kilometrora dago eta, AAEAMk salatutakoaren arabera, "oso garraio-lotura txarrak ditu eta benetako odoluste ekonomikoa suposatzen du senideentzat. Gainera, Valenceko kartzela espetxe eredu baten esperientzia pilotua da, gerora Europa osora zabaldu nahi izango dutena, sarraski espetxe 'finduaren' prototipoa delarik. Azpimarratu nahiko genuke burutzen ari diren borroka ez dela soilik bizi duten egoera salatzeko baizik eta etorkizunean beste preso politiko batzuekin horrelako esperimentuak egiteari marra gorriak ezartzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun