Valenceko kartzeleraino martxa egingo dute hauteskundeen bezperako egunean

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 9a, 18:15
Atzo Frantziako Estatuak Bilbon duen kontsul-etxearen aurrean 65 pertsona elkarretaratu ziren. © AAEAM

Aletxu Zobaran preso gorliztarrak eta Ibon Goieaskoetxea gatibu busturiarrak 32 egun daroatzate zigor ziegetan sartuta eta bisitei uko egiten, Etxeratek gogorarazi duenez. Protesta hori abiatu zuten euskal preso politikoen aurkako sakabanaketa politika salatzeko. Preso biakaz elkartasunean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) Valenceko kartzelaraino martxa burutuko du irailaren 24ean, EAEko hauteskundeen bezperan.

AAEAMek nabarmendu duenez, ekainean eraman zituzten preso biak Valenceko espetxera, "ordura arte euskal preso politikorik egon ez den kartzelara". Gainera, ohartarazi dutenez, Valenceko kartzela "Aletxu eta Ibonen bizilekuetatik 800 kilometro baino gehiagora dago" eta "ez dauka batere garraio komunikazio ona, euren familientzat suposatzen duen higadura fisiko, morala eta ekonomikoarekin. Gainera, kartzela honek martxan jarri duen bizitza errejimen bereziak, Europa mailan esperimentala dena, Aletxu eta Ibonen bizi baldintzak nabarmenki kaxkarrago bihurtu ditu".

Amnistiaren aldeko erakunde horren arabera, "oso borrokaldi gogorra eta luzea burutzen ari dira Ibon eta Aletxu. Denbora honetan zehar senideen bisitarik ez edukitzeaz gain, ia egun osoa ematen dute zigor ziegan sartuta, eguneko 23 ordu, eta ordubete ateratzen dira patio txikira beste inoren presentziarik gabe. Kanpokoekin daukaten komunikazioa gutunetara eta astean egin dezaketen telefono dei bakarrera mugatzen da".

Egoera horren aurrean, AAEAMek uste du azkenaldian hainbat kartzeletatik "eskatzen dabiltzan moduan, herriari dagokiola erantzutea eta borroka kalera ateratzea, protesta Valenceko espetxearen harresien barruan, inongo lekukorik ez dagoenean, gera ez dadin".

Horregatik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Valenceko kartzelaraino martxa burutuko du irailaren 24ean, "Ibon eta Aletxuren borrokaldia babesteko eta Frantziako espetxe-sistemari ozen oihukatzeko euskal preso politikoak ez daudela bakarrik, herri oso bat daukatela atzean". Deialdia parte hartu gura duen euskal herritar orori zabaldu diote.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun