Politika  Gorliz 2017-02-14 10:38

Aurrekontu murritzagoa izango du aurten Gorlizko Udalak

Aurtengo aurrekontuak onartu ditu Gorlizko Udalak, alderdi guztien adostasunagaz. Zenbatekoa aurreko urtekoa baino %0,95 txikiagoa izango da; aurtengoa 6.435.462 eurokoa, guztira. Hala erabaki zuten joan den urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran.

Urtarrileko osoko-bilkuran bertan, Itxaso Martín zinegotziak aurrekontuen nondik norakoak aurkeztu zituen, horiek bozkatu aurretik. Diru-sarreren harira, Udalkutxa Fondotik datozen 3.329.818 euroak nabarmendu zituen, hau da, zenbateko osoaren %51,74. Gainontzeko diru-sarrerak zerga zuzenetatik, zeharkako zergetatik, tasetatik eta ohiko transferentzietatik eratorritakoak dira.

Gastuei dagokienez, ohiko gastuak %19,42 handitu dira, behin-behineko langileen kontratuak bertan sartu dituztelako, eta «bide-publikoen zorua berritzeko 150.000 euroengatik eta arkitektura zerbitzua bezalako kontratazio-enpleguak berritzeko gastuengatik ere bai», azaldu zuen Martínek. Inbertsioetara bideratuko dute aurrekontuen %9,77, hau da, 628.899 euro; aurreko urtean baino %18,54 gutxiago.

Lana sustatzeko planari dagokionez, aurreko urteko zenbateko berbera bideratuko du Gorlizko Udalak: 60.000 euro. Horietatik, 40.000 euro Gorlizlan tokiko egitasmorako izango dira; gainontzeko 20.000 euroak udalerrian lanik ez dutenen formakuntza-planetarako izango dira. Bestalde, 2017ko aurrekontuek hartzen dituzten diru-partiden artetik honakoak nabarmendu zituzten: Euskarari bultzada emateko planetarako 88.950 euro, berdintasunerako 15.000 euro, 50.000 euro ikastetxearen mantenurako eta 10.000 euro herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta gardentasunerako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa