Jendartea 2003-11-17 23:07

'Osasunaren aldeko Hezkuntza' programako ekitaldiak esleitu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtez urte, Drogomenpekotasunaren Prebentziorako eta Osasunaren aldeko Hezkuntzarako Programaren barruan aurrera eramaten diren ekitaldien artean, bi esleitu ditu Getxoko Udal Gobernuak.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 'Irudi Biziak' egitasmoan parte hartu ahal izango dute, berriro, nahi duten institutoek. 4.033 euro jarri dituzte horretarako. 15 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta, drogomenpekotasunaren gaia lantzeko, Getxo Antzokian hainbat pelikula proiektatuko dira.

Era berean, Lehen Hezkuntzako 8 urteko ikasleei 'Baratzean nire lagunekin' lana eskainiko die Bihar antzerki taldeak. Ekimen honen bidez, osasunari lotutako gaiak landuko dira.
  Jendartea 2003-11-17 22:15

Urte betez luzatu dute txakur-zerbitxuaren iharduera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak beste urte betez luzatuko du udal txakur-zerbitzuaren iharduera, horretarako 73.964 euro jarriz. Zerbitzua 2000 urtean sartu zen indarrean, ordura arte udalerrian zeuden txakurtegiak desagertaraziz eta, aldi berean, txakur guztiek identifikazio-txipa eramatea bultzatuz. Kalean utzitako txakurrak eta beste animali batzuk ere jasotzeaz gain, aterpea daukate Sopelan.
  Jendartea 2003-11-14 21:08

Arrakalak direla eta, Santa Eugeniako kultur aretoa itxi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Santa Eugeniako eskola zaharraren eraikinean Getxoko Kultur Etxeak dituen aretoak eta bertan dagoen Hiritarrei Arreta egiteko Bulegoa (HAB) itxi egin dituzte aldi batez, alboan lurpeko aparkalekua egiteko lanen eraginez arrakalak agertu direlako. Azterketa egin ostean, eraikinaren egiturak ez duela arriskurik aipatu dute udal teknikariek. "Arrakalak txikiak dira, milimetroko bateko zabalera baino ez dute. Gainera, zimenduek ez dute kalterik izan", azaldu dute. Hala ere, bertan eskaintzen ziren zerbitzuak behar bezala emateko "ez dira egokiak" eta beste leku baten bila hasi dira. Datozen egunetan emango dute horren berri.
  Jendartea 2003-11-14 20:14

Lexarreta zubia egokitzeko lanak egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gobela Ibaia bideratzeko eta zabalago egiteko ekimenaren barruan, Lexarreta zubia egokitzeko proiektua onartu du gaur Getxoko Udalak. Makaletako etorbidea eta Larrañazubi kalearen artean dago aipatutako bidea eta, gaur egun, estua izateaz gain, oso egoera txarrean dago. Egitasmoa egiteko 476.295 euro inbertituko dituzte. Baina, aurrekontu berrietan horretarako diru kopurua noiz jasotzen den itxaron beharko da egitasmoa aurrera eramateko.
  Jendartea 2003-11-14 18:20

Gizon bat atxilotu zuten asteartean Areetan, ustez, droga saltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, R.H.H. 42 urteko gizona atxilotu zuen joan den asteartean Udaltzaingoak, ustez, Areetako taberna batean bezero bati droga saltzen ari zitzaiola. Atxiloketa unean, kokaina 25 dosi atzeman zizkioten eta, ondoren, bere etxean egindako miaketan, beste kokaina 40 dosi eta hatxisa aurkitu zituzten. Baita osagai hauek pisatzeko balantza eta dirua ere. Jadanik epailearen aurrera eraman dute gizona.
  Jendartea 2003-11-13 21:04

Hirugarren Munduaren garapenerako 313 mila euro baino gehiago emango ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Elkartasun esparru ezberdinetan lanean diharduten 21 gobernuz kanpoko erakunderi 313.413 euro ematea erabaki du Getxoko Udalak, euren egitasmoak garatu ahal izateko. Horrela, Hirugarren Munduaren garapenari lagundu nahi dio udal gobernuak. Imanol Landa Presidentzia arloko ardura daukan zinegotziak adierazi duenez, proiektuen jarraikortasuna eta getxotarrek horietan zein neurritaraino parte hartzen duten izan dira, egitasmo bat edo besteari dirulaguntza emateko irizpideak. Izan ere, 51 eskaera aurkeztu dira, guztira, aurten. Iaz baino 12 gehiago.
  Jendartea 2003-11-12 22:10

Erromon bide-sarearen berrantolaketa egingo du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalerriko Irisgarritasun Planaren barruan, Erromoko hiru bidegurutzetan bide-sarearen berrantolaketa egitea aurrikusi du Getxoko Udalak. Guztira, 301.000 euro inbertituko ditu lan horretan. Besteak beste, Gorbea eta Kresaltxu kaleen arteko bidegurutzean, oinezkoentzako hiru bide jarriko dituzte eta kotxeentzako zein oinezkoentzako galtzada ere bai. Horretaz gain, espaloiak handiagoak egingo dituzte.

Gorbea, Serantes eta Zubieta kaleen arteko bidegurutzean, berriz, kotxeentzako espazioa txikiagotuko dute, eta espaloiak beherago jarriko dituzte. Azkenik, Serantes eta Errekagane artean, oinezkoentzako bideak jarri eta espaloiak handiago egingo dituzte.
  Jendartea 2003-11-12 21:02

Barrikako ur-zikinak hartzeko saneamendu sarea egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak lehiaketa deitu du Barrikako oinarrizko saneamendu-sareko lanak emateko. Guztira, 2.330.387,83 euroko aurrekontua dauka egitasmo honek, eta urte baten buruan amaituta egon beharko da. Horrela, aurrerantzean ez dira itsasora joango Barrikako ur zikinak.
  Jendartea 2003-11-12 20:07

Dirulaguntzak jasoko dituzte Getxoko hainbat ikastetxek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak 13.821 euro banatuko ditu udalerriko hainbat ikastetxeren artean, eskolaz kanpoko ekintzetarako, liburutegiak egokitzeko, eskulanetarako eta kirol materiala erosteko. Besteak beste, Geroa eta Gobela ikastolak; San Inazio, Romo, Zubilleta, Larrañazubi, Andra Mari ikastetxeak, eta Helduen Hekuntza Iraurkorrerako Zentroa dira dirulaguntzak jasoko dituztenak.
  Jendartea 2003-11-11 18:23

Azaroaren 15 eta 23a bitartean ospatuko dira 'Getxotik Mundura' jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 15etik 23a arte udalerrian egingo den Getxotik Mundura ekimena aurkeztu zuten atzo Iñaki Zarraoa alkateak eta Imanol Landa Udal Presidentzia Arloko arduradunak. Besteak beste, Getxoko Udalak, Mugarik Gabek eta BBK-k antolatutako topaguneen seigarren edizio honetan, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) eta herritarren arteko hartu emanak bultzatu nahi dituzte.

Partaidetza, elkarrizketa, aniztasuna eta trukea sustatzea helburua izanik, "herritarron sentsibilizatze maila areagotzea lortu nahi da", Imanol Landak ekimena aurkezterakoan adierazi zuenez.

Bederatzi egunetan zehar, erakusketak, azokak, pelikulak eta ikastaroak elkartasunarekin lotutako kontzientzia eta sentsibilitatea sustatzeko bitartekoa izango dira.
  Jendartea 2003-11-11 18:22

Hainbat errepide moztuko dituzte 'Baserritik Plazara' azokarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asteburu honetan ospatuko den Baserritik Pazara Nekazal Azoka dela eta, udalerrian zirkulazio murrizketak egitea aurrikusi du Getxoko Udalak. Azaroaren 14a eta 16a artean, Algortako hainbat errepide moztuko dira, ostiralean abertzainen kamioiak sartu ahakl izateko eta azoka bera egin ahal izateko. Izan ere, San Nikolas, Bihotz Alai, Getxo Antzokia eta Geltokiko Plazak eta Juan Bautista Zabala kalea hartuko ditu, asteburuko egun bietan, ekitaldi honek.
  Jendartea 2003-11-11 13:46

Bihartik ostiralerarte 'Cuban bizi eta pentsatu' ihardunaldiak Bilboko La Bolsan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar hasi eta ostiralera arte luzatuko dira, Bilboko La Bolsa-Yohn Jauregia aretoan egingo diren Cuban bizi eta pentsatu ihardunaldiak. Besteak beste, Enriqueta Ubietak (idazle kubatarra), Arleen Derivetek eta Lázaro Barredok (kazetari kubatarrak) eta Hernando Calvok (kazetari kolonbiarra) liburuen aurkezpenak egingo dituzte. Gazteizen ere pareko egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

  Jendartea 2003-11-10 20:26

Espainiako Gobernuak Prestigek kutsatutako kostaldea babesteko neurririk ez duela hartu salatu du Greenpeacek.

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Greenpeace-k gaur goizean satatu duenez, Espainiar Gobernuak ez ditu behar bezalako neurriak hartu, Prestigen hondoratzeak eragindako ezbeharra eragozteko. Talde ekologistaren ustez, beharrezkoa da "ahal den lasterren" neurriak hartzea galipotak kutsaturiko kostalde 2.600 kilometroak berreskuratu ahal izateko. Horrela adierazi dute Prestigen hondamendiaren urteurrena dela eta gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Marea beltzak eragindako kalteen ikerketa zehatza egitea beharrezkoa da Greenpeace-ko kideen ustez, "hain baliotsuak diren kostalde eremuen berreskurapena" ahalbidetzeko.
  Jendartea 2003-11-10 16:20

17 urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diote Getxon emazte ohia hil zuen gizonari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2001eko otsailean bere emazte ohia hil izanagatik, 17 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Bizkaiko Auzitegi Probintzialak Rufino Jimenezi. Zinpeko epaimahaiak duela hamar egun emandako epaiaren arabera, hilketa delituaren errudun da Jimenez, "nahita eta basakeriaz hil zuen andrazkoa". Erabaki horretan oinarrituta, espetxe zigorraren zenbatekoa erabaki du Bizkaiko Auzitegi Nagusiak.
  Jendartea 2003-11-07 15:07

Getxoko Udalak 4.840 euro ordaindu beharko dizkio kalean erori zen gazte bati

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren arabera, 4.840 euro ordaindu beharko dizkio Getxoko Udalak Algortako Geltokiko Plazan egiten ari ziren obretako ohol batekin ostropozu egin eta erori zen gazte bati.
  Jendartea 2003-11-06 16:13

Uste zen baino garestiagoa izango da Mesedeetako aparkalekuan kotxea uztea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko udalbatzak aho batez onartu zuen ostiralean Mesedeetako kalean egiten ari diren aparkalekuko salneurriak igotzea. "Eraikuntza lanetan izandako ustekabeek obrak garestitu ez ezik aparkalekua zabaltzeko eguna atzeratu beharra ere ekarri dute", Andres Uriarte Hirigintza arduradunak adierazi zuenez. Ondorioz, aurrikusita zegoena baino % 4,8 gehiago ordaindu beharko dute bertan kotxea utzi nahi dutenek; orduko 1,09 euro.