Kirolak 2005-04-20 23:29

Eskupilota txapelketa mistoa antolatu du iganderako Gazte Enbatak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan, goizetik hasita, Itzubaltzeta / Erromoko Gazte Enbata konpartsak II. Eskupilota Txapelketa Mistoa ospatuko du herriko eskoletako frontoian. Kirolean egin ohi den sexu-bereizketa gainditu asmoz, eta Getxoko Udalaren eskaintza-eza ikusirik, konpartsakideek jarduera urtero errepikatzea ebatzi zuten, lehen edizioko arrakasta itzelaren ondoren. Eskuz binakako txapelketa honetan parte hartu nahi duenak bikote mistoa aurkeztu behar du, hots, bata mutila eta bestea neska. Eskupilotaz gain, bideoforuma eta bazkari osasuntsua ere izango dira bertan, eta Gazte Enbatatik opari sorpresak iragarri dituzte. Izen-ematea Itzubaltzeta gaztetxean edota Branka herriko tabernan egin daiteke, guztia bikoteko 3 euroren truke. Deialdia beraz egina dago. Animo eta pilotak astindu!
  Kirolak 2005-04-15 23:41

Astelehenean amaituko da Ereagako Hondartza Txapelketetan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hamalau urte egingo dituzte aurten Ereagako Hondartza Txapelketek. Getxoko Udalaren eta BBKren babesarekin, Algortako areatzan, inguru atseginean antolatzen dituzte kirol jarduerak Kirikeko begiraleek. Asteburutik asteburura jende-kopuru handia batu ohi da Ereagan. Aurten futbol zazpi hondar bustian eta boleibol sei hondar lehorrean jokatuko dira, itsasaldien araberako ordutegietan. Izena emateko kuotak batean zein besteak jarduteko aukera ematen du. Futbolean zein boleibolean, gutxienez, hiru partida jokatuko dira eta, bigarren fasea, kanporaketen bidez egingo da. A mailan (13 eta 14 urte) eta B mailan (15 eta 16 urte) partaide bakoitzeko zortzi euroko kuota ordaindu beharko da. D mailan (17-24 bitarteko urte) eta E mailan (24 urte baino gehiago), berriz, hamar eurokoa. Apirilaren 18ra arte egongo da izena emateko aukera, Kiriken web orrian edo 944 911 746 telefono / fax zenbakian.
  Kirolak 2005-04-13 20:47

Erandioko Zikloturista Ibilaldirako aurretik izen ematea komeni da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Antolaketa lanak eta segurtasuna kontutan hartuta, parte-hartzaile kopurua 600era mugatzea erabaki dute aurten Erandioko Zikloturista Ibilaldiko antolatzaileek. Aurreko edizioetan asko eta asko izan dira proban izena eman duten txirrindulazaleak. Hori dela eta, apirilaren 15ra arte jarri du horretarako epea Erandioko Txirrindulari Elkartea (argazkian). Aurrezki-kutxan 18 euro (15 euro federatuak) ordaindu dutela frogatzen duen ziurtagaria eskuan, ostiralean, 20:00ak baino lehen agertu beharko dira aipatu kirol taldeko egoitzan (Erandioko Ciclos Altzaga), parte hartu nahi duten guztiek. Istripu-asegurua ere dago sartuta ordaindu beharrekoan.
  Kirolak 2005-04-13 13:19

"Txinpart bodyboard film" aurkeztuko dute larunbatean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Txinpart bodyboard film" bideoa aurkeztuko dute larunbatean Sopelako Volker-Paulner taberna alemaniarrean (Akilino Arriola 7). Hitzordua iluntzeko 21:00etan jarri dute eta bideoaren laburpena ikusteko sarrera doakoa izango da. Filma Egoitz Lataillade eta Pablo Calvok ekoiztu dute, biak ala biak Sopelan eta bodyboard arloan nahiko ezagunak. Izan ere, eta besteak beste, Bodyboard Internauta Elkartearen kideak dira. Filma osatzeko, Uribe Kostan grabatzeaz gain, Portugal, Hawai, Frantzia eta Kanariar uharteen hondartzetan irudiak hartu dituzte. Berriz, bideoaren musika Ileon, Kerobia, Maple eta Voodo taldeek grabatu dute.
  Kirolak 2005-04-12 23:49

Kepa Acerok istripua izan du Tahitin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kepa Acero Algortako surflariari besoa atera zitzaion pasa den astean Tahitin, surfean ari zela. Denboraldi honen hasieran egin zioten ebakuntza beste aldeko sorbaldan zituen arazoak konpontzeko, eta orain hilabete inguru uretara sartu gabe egon beharko du 25 urteko kirolari algortarrak. Acero Tahitira joana zen beste surflari batzuekin "Surf Europe" aldizkarirako erreportaje bat egitera, besteak beste Tehauppoko olatuan aritu ziren, EITBk emandako informazioaren arabera.
  Kirolak 2005-04-12 21:04

Gobela kiroldegiak 5.400 lagun hartzeko gaitasuna dauka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itzubaltzeta / Erromoko Gobela kiroldegiak ateak zabaldu zituen atzo astelehenean erabiltzaileentzat. Guzman Aranaga Kultura eta Kirol Arloko zinegotziak azpimarratu duenez, “originalak, politak eta praktikoak dira azpiegitura berriak. Diseinua eta azken belaunaldiko teknologia eta materialeak erabili izana dira ezaugarri nagusiak”. Kiroldegia egiteko 15 milioi euro inguru erabili dira eta azken urte eta erdian egin dira lanak. Orotara, 5.400 lagun hartzeko gaitasuna daukate instalakuntzek, udal arduradunen hitzetan.
  Kirolak 2005-04-08 23:58

Astelehenean inauguratuko dute Gobela kiroldegia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur egitekoa zen Itzubaltzeta / Erromoko Gobela kiroldegiko inaugurazio ekitaldia. Hala ere, goizean goiz, Getxoko Udalak jakinarazi duenez, bertan behera uztea erabaki du Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak, PPk aurkeztutako erreklamazioa aintzat hartu eta gero. Eguerdian, berriz, azkenean ekitaldia apirilaren 11an, astelenenean, egingo dela iragarri dute udal prentsa bulegotik. Goizeko hamaiketan izango da inaugurazioa.
  Kirolak 2005-04-08 23:40

Asteburu osoa hartuko du Sopelako Ibilaldi Neurtuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Apirilaren 10ean Ibilaldi Neurtuaren hogeigarren edizioa ospatuko da Sopelan. Hori dela eta, igandean ez ezik, larunbatean ere jarduera ugari antolatu ditu Urko Mendi Taldeak. Umeentzat izango dira aurreneko egunean egongo diren ekitaldiak. Goizez, neska-mutilentzako tailerrak eta ipuin kontalariak egongo dira, 10:30etik13:30era. Arratsaldean, berriro ere tailerrak, "Monda & Lironda" pailasoak eta Txokolatada Handia egongo da, 16:30etik 19:30era. Ekitaldi gehienak Udaletxe plazan izango dira. Hain zuzen ere, karpa bat jarriko dute bertan jardueretarako leku gehiago egoteko, udal arduradunek aipatu dutenez.
  Kirolak 2005-04-07 23:19

Ostiral honetan inauguratuko dute Gobela kiroldegia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko prentsa zerbitzuak jakinarazi duenez, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak ez du parte hartuko, ostiral honetan, 11:30etik aurrera egingo den Itzubaltzeta / Erromoko Gobela kiroldegiko inaugurazio ofizialean. Izan ere, "hauteskunde kanpainan egonda, horrelako ekitraldietara joatea debekatuta dauka", udal arduradunek jakinarazi dutenez. Hala ere, ez dira gutxi izango bertan egongo diren agintariak. Besteak beste, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, zinegotzi getxoztarrek eta Gobela kiroldegiko Zuzendaritza Batzordeko kideek lagunduko diote zinta mozten Iñaki Zarraoa alkateari. Uribe Kostako herrietako hainbat agintarik ere bertan egongo direla konfirmatu dute: Jose Maria Ezpeleta, Patxo Igartua, Pedro Botejara eta Nikolas Oñate Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako alkateak, hurrenez hurren.
  Kirolak 2005-04-06 19:23

Ate Irekietako Jardunaldia egingo dute bihar Leioako campuseko kiroldegian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Ate Irekien Jardunaldia antolatu du biharko Leioako campusean dagoen kiroldegian. Horrela, 08:00etatik 22:00etara, bisitari guztiek (ez bakarrik unibertsitateko kideek), doan sartu ahal izango dute kiroldegiko instalazioetan eta 13 jarduera ezberdin egin ahal izango dituzte.
  Kirolak 2005-04-06 00:01

Mila pertsona inguru Abadesolo igerilekuen bigarren urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astearte honetan, apirilak 5, bi urte bete dira Abadesolo udal igerilekuak zabaldu zirenetik. Ia mila lagun parte hartu dute hori ospatzeko, 17:00etatik 21:00etara arte luzatu den ekitaldian; eta 400 tarta zati baino gehiago banatu dituzte. Gaur egun, 8.000 bazkide baino gehiago dituzte igerilekuek eta eskaerari erantzunez pixkanaka azpiegituran berriztatzen eta handitzen ari dira. Laster, beste eraikin bat egingo da gaur egun dagoenaren alboan, Tai-Chi eta auzotarrek eskatutako beste hainbat jarduera hartzeko. (Argazkian, Imanol Garai Sopelako alkatea tarta mozten).
  Kirolak 2005-04-01 15:23

Sopelako igerilekuen bigarren urteurrena ospatuko dute asteartean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Apirilaren 5ean bi urte beteko dira Abadesolo udal igerilekuak zabaldu zirenetik. Hori dela eta, urteurrena ospatzeko jaia antolatu du Sopelako Udalak, instalazioak kudeatzen dituen Serviocio enpresarekin elkarlanean. Umeentzako jarduerak 17:00etatik 19:00etara izango dira: puzgarriak egongo dira igerilekuen barrualdean (0 eta 2 urte bitarteko umeei zuzenduta) eta tailerrak sarrera inguruan (3 eta 15 urte bitarteko ume zein gazteei zuzenduta). Kalean, berriz, igerilekuen eraikinaren sarrera aurrean, puzgarriak eta aerobic maratoia egongo dira txikienentzat.
  Kirolak 2005-03-31 14:01

Apiril erdialdean urpeko arrantza lehiaketa egongo da Getxoko Kirol Portuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Urpeko Ekintzen Elkarteak 300 euroko dirulaguntza jasoko du Getxoko Urpeko Arrantza Lehiaketa egiteko. Apirilaren 17an izango da txapelketa Kirol Portuan. Espezialitate horretako Euskadiko Txapelketarako balio du probak. Horrela adierazi zuen Iñaki Zarraoa alkateak, asteazkenean emandako prentsaurrekoan.
  Kirolak 2005-03-24 11:41

Behin betiko onartu dituzte Getxo Kirolen estatutuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Bizia herri plataformak eta Alderdi Popularrak aurkeztutako alegazioak atzera bota eta behin betiko onartu ziren atzo martxoaren 23ko osoko bilkuran Getxo Kirolak udal erakunde autonomoaren estatutuak. Tokiko Gobernu Batzordea osatzen duten alderdiek (EAJ, EA eta EB-Berdeak) eman zioten oniritzia proposamenari, PPk aurka bozkatu zuen. Luis Almansa eta Gotzone Mora zinegotzi sozialistak, berriz, abstenitu egin ziren. Besteak beste, Getxo Kiroletako Kontseilu Artezkariaren osaketan kirolari, kirol taldeetako ordezkari, kiroldegietako abonatu eta oro har herritarren presentziarik ez dagoelako kexu dira Getxo Bizia eta Getxoko PP. Kirol erakunde berriarentzat izen elebiduna ere eskatzen dute popularrek, "Instituto Municipal de Deportes" ere gehituz.
  Kirolak 2005-03-22 20:04

Getxo Kirolak udal erakunde autonomoaren estatutuei alegazioak aurkeztu dizkie Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Biziak otsailaren 28ko datarekin aurkeztu zituen Getxo Kirolak Udal Erakunde Autonomo sortu berriaren estatutuei egindako alegazioak. Gobela kiroldegia laster irekiko delarik Udal Gobernu eskuindarrak Fadura Udal Erakunde Autonomo zenaren izen aldaketarekin batera estatutuak ere bere interesetara egokitu nahi ditu, erakundearen kudeaketan erabiltzaile eta kirol taldeen parte hartzerako aukerak are gehiago murriztuz. Aurkeztutako alegazioetan hori da hain zuzen ere Getxo Biziak salatzen duena, kirol erakundearen eta kirola beraren kudeaketan parte hartzeko bideak aldi berean aldarrikatuz. Alegazio epea itxi ondoren, asteazken honetako udal batzarrean Getxo Kirolakeko estatutuak eztabaidagai izango dira. Aurkeztutako alegazioak aintzat hartu ezean, Getxo Biziaren ezezko borobila emango die kirol erakundearen kudeaketatik herritarrak baztertzeko idatzitako estatutuei.
  Kirolak 2005-03-17 20:36

Apirilaren 8an inauguratuko dute Gobela kiroldegia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren ostiralean, apirilaren 8an, zabalduko da ofizialki Itzubaltzeta / Erromoko Gobela kiroldegia, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak aurreratutakoaren arabera. Ondorengo bi egunetan, 9an eta 10ean alegia, herritarrek kirol azpiegitura berriak ezagutu ditzaten, bisitak antolatu dira. Aldez aurretik antolatutako hitzorduetan bezala, bisitaldiak taldeka egingo dira, gehienez 15 lagunek osatuta, eta ez da derrigorrez Fadurako bazkide izan beharko horietan parte hartzeko. Izen ematea Getxo Kirolak-Fadurako erabiltzaileen arretarako bulegoan edota telefonoz egin daiteke, 94 430 80 69 zenbakian, 8:30etik 14:30era arteko ordutegian.
  Kirolak 2005-03-15 14:37

Futbolari gazteak hautatzeko prozesua hobetzeko modua ikergai EHUn

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Athletic Club Fundazioak eta EHUko Fisiologia Sailak ikerketa proiektua garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute, oinarrizko futbol jokalariak hautatzeko prozesua hobetze aldera. Ikerketa Jon Irazustak zuzenduko du, hasieran aipatut unibertsitate saileko katedradunak. Garapen sasoian dagoen futbolari gazte batek aurrera egitea ala ez zein faktorek baldintza dezaketen ikertzea da helburua, horren bidez, jokalariak hautatzeko protokolo egokiago bat eratzeko, "orainari garrantzi handiegirik emango ez diona (batik-bat beheko mailetako jokalari oso garatuei) eta garapenean atzerago dauden jokalariak larregi zigortuko ez dituena".
  Kirolak 2005-03-11 22:24

Herri lasterketa egingo da igande honetan Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan, 10:00etatik aurrera, Sopelanako III. Herri Lasterketa ospatuko da. Jauregizar enparantzatik irtengo da eta ordutegi ezberdinak ezarri dira kategorien arabera: 10:00etan aurrebenjaminak (neskak eta mutilak), 10:10ean benjaminak (neskak), 10:20an benjaminak (mutilak), 10:30ean kimuak (neskak), 10:40an kimuak (mutilak), 10:50ean umeak (neskak), 11:05ean umeak (mutilak), 11:20an kadeteak eta gazteak (neskak eta mutilak) eta 11:45ean senior eta gainontzeko kategoriak (neskak eta mutilak). Munarri Atletismo Taldeak antolatu du lasterketa.
  Kirolak 2005-03-03 19:11

Aurrerantzean ere goi mailako herri kirol ekitaldiak egingo dira Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Dagoeneko azken urteotan udalerrian egin diren ekitaldiak aurrerantzean ere egiten jarraitzeko, Bizkaiko Herri Kirol Federazioarekin lankidetza hitzarmena sinatuko du Getxoko Udalak. Hiru urteko iraupena izango du eta, horri esker, aurten Euskal Kirolaren Eguna, Bizkaiko Zaldi Proben Txapelketa, idi-proben bi jaialdi –pisu librean zein konparatuan– eta udalerriko jaietan erakustaldi bana egiteko konpromisoa hartuko du kirol erakundeak (azkenekoak izan ezik guztiak Getxoko probalekuan). Hain zuzen ere, aipatutako lehenengoan kirolari ezagunak ez ezik, Asturias, Galizia eta bestelako herrialdetatik etorritakoak ere aritzen dira lehian. Getxoko Udalak, berriz, federazioari 40.000 euro emango dizkio 2005eko ekitaldiak aurrera ateratzeko. Izan ere, diru-laguntzena "urteko aurrekontuen araberakoa" denez, bere garaian zehaztuko dira 2006 eta 2007rako diru kopuruak.
  Kirolak 2005-03-03 14:04

Zabaldu aurretik Gobela kiroldegia ezagutzeko aukera emango zaie auzotarrei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Apirilaren 4a eta 8a bitartean egingo da Itzubaltzeta / Erromoko Gobela kiroldegiko inaugurazio ekitaldi ofiziala. Hala ere, egun zehatza erabaki artean, instalazio eta jarduera eskaintza berriak ezagutzeko aukera eman nahi zaie getxoztar guztiei eta, bereziki, Areeta eta Erromoko bizilagunei, Iñaki Zarraoak zehaztutakoaren arabera, "zerbitzu horretatik hurbilen daudenak direlako". Bisitaldiak martxoaren 12, 13, 19 eta 20an, asteburuan, egingo dira, 9:30, 10:30, 11:30 eta 12:30ean. Baita hilaren 18an (ostirala) arratsaldean, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan. Hamabost laguneko taldeak osatu eta ordubetekoa izango da bisita gidatua. Izan ere, "kirol instalazio berriak ezagutzeko aukera ahalik eta jende gehiagori ematea da asmoa", udal arduradunaren hitzetan. Horretarako, martxoaren 7tik aurrera eman ahal izango da izenaGetxo Kirolak-Fadurako erabiltzaileen arretarako bulegoan edota telefono bidez 94 430 80 69 zenbakira deituz, bietan goizeko ordutegian, 8:30etik 14:30ak arte. Gainera, ez da beharrezkoa izango Fadurako bazkide izatea.