Kirolak 2004-10-27 20:28

Euskadiko Txapelketarako izen ematea ostegun honetara arte dago irekita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Open mailan (surf zein bodyboardean), aurtengo denboraldiko probarik garrantzitsuenetariko bat (azken aurrekoa gainera) jokatuko da, asteburu honetan, Sopelako Arrietara hondartzan. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirolaririk onenak parte hartzen dute Euskadiko Txapelketan eta bertatik aterako dira 2004ko txapeldunak. Osteguna honetako 14:00ak arte eman daiteke izena Euskal Herriko Surf Federazioan (EHSF), e-posta edo fax bidez. Inskripzio kuota mailaren arabera izango da eta EHSFko kontu korrontean sartu beharko da dirua.
  Kirolak 2004-10-21 22:56

Javier Otxoa omenduko dute Euskadiko Sei Orduetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Zaletuen omenaldia jasoko du Javier Otxoak 2005eko otsailaren 12an ospatuko den Euskadiko Sei Orduen XXVII. edizioan. Txirrindulari berangoztarrak joan den urtean ere parte hartu zuen ikuskizunean, orduan Euskadi taldearen maillotarekin. Oraingoan, podiumaren gailurrera bueltatzea ospatuko du Donostiako belodromoan, Atenaseko Paralinpiar Jokoetan bi domina lortu eta gero.
  Kirolak 2004-10-19 00:21

Perezek irabazi eta Larrinagak euskal zirkuitua erdietsi du Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo jokatu zen Arxabiribil hondartzan euskal bodyboard zirkuituko hirugarren eta azken proba. Open A Mailan, David Perez izan zen garailea Aritz Larrinagaren eta Antonio Hantonen aurretik, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Joserra Martinez laugarrena izan zen. Gauzak horrela, zirkuituko sailkapen nagusian garaipena Aritz Larrinagak erdietsi zuen Perez bigarren, Hanton hirugarren eta Jon Ander Bengoetxea laugarren izan ziren.
  Kirolak 2004-10-15 21:51

"Euskal Herritar Unibertsala" saria jaso du Joane Somarribak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005eko Munduko Txapelketa eta gero txirrindularitza utziko du sopeloztarrak

Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren eskutik hartu zuen atzo Euskal Herritar Unibertsalaren seigarren saria Joane Somarriba txirrindulari sopeloztarrak. Bizikleta gainean lortutako arrakastengatik ez ezik, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzeko "beste inork baino lan gehiago" egiteagatik ere eskerrak eman nahi izan diote horrela txirrindulari sopeloztarrari. Horretaz gain, "Euskal Herriaren izen ona zabaltzeagatik merezi du saria", Ibarretxek nabarmendu zuenez. Bide batez, "profesionalak, babesleak, taldeak eta zaletuak ahaztu gabe", euskal txirrindularitzan diharduten guztien lana goraipatu nahi izan dute.
  Kirolak 2004-10-15 16:57

Monte Cienciasen aurka Getxo Arteak aurkeztutako salaketa ez du onartu Espainiako Federazioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 19an Faduran jokatu zen Monte Cienciasen aurkako Ohorezko Mailako partida dela eta, Ivan Moro, German Pinna eta Ivan Lopez jokalariak zelairatzeagatik okerreko taldea osatzea egotzi zion errugbi talde sevillarrari Getxo Arteak. Izan ere, araudiari begira, norgehiagoka hasi baino lehen jokalarien zerrendan agertu behar dira berdegunera irtengo diren guztiak, talde getxoztarraren arduradunen ustez. Eta hiru horiexek ez ziren aipatu agiri ofizialetan azaltzen. Hala ere, Getxo Arteak aurkeztutako salaketa ez du aintzat hartu Espainiako Errugbi Federazioko Diziplina Batzordeak, bere hitzetan, "partidan zehar Monte Cienciasekoek filmaturiko bideoak eta arbitroak aurreko partidetatik hiru jokalariak ezagutzeak soberan frogatzen du horiek zeintzuk diren". Erabaki horren aurka helegitea aurkeztuko du talde getxoztarrak.
  Kirolak 2004-10-15 15:14

Javier Otxoari omenaldia egingo diote Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan omenaldia egingo diote bere jaioterrian Javier Otxoari. Irailaren bukaeran Atenasen ospatu ziren Paralinpiar Jokuetan urrezko eta zilarrezko domina bana jantzi zituen Espainiako selekzioaren kide gisa txirrindulari berangoztarrak, proba konbinatuan eta hiru kilometroko jazarpen proban, hurrenez hurren. Ekitaldia 11:30ean hasiko da, Elexaldetik abiatuko den txirrindulari martxarekin, nahi duen orok parte hartu dezakeelarik. Ondoren, 12:30ak aldera, gorazarrea egingo diote Javierri Ricardo Otxoa bere anaia zenaren izena daukan parkean. Bertan ohorezko aurreskua eta luncha egongo da parte-hartzaile guztientzat.
  Kirolak 2004-10-11 23:50

Data zehatzik gabe atzeratu dute Euskal Bodyboard Zirkuitoko azken proba

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Olatuak falta zirela-eta, epaileek igandera arte atzeratu behar izan zuten larunbatean Sopelako Atxabiribil hondartzan jokatu beharreko Euskal Bodyboard Zirkuitoko hirugarren eta azken proba. Baina atzo egoera antzekoa izan zenez, data zehatzik gabe atzeratzea erabaki zuen Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF). Aste honetan erabaki beharko dute noiz jokatuko den zirkuituari bukaera ematen dion proba.
  Kirolak 2004-10-08 22:48

Bi sopeloztarrek jokatuko dute Atxabiribilen Euskal Bodyboard Zirkuitoko txapela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den asteburuan surfa izan bazen, urriaren 9an eta 10ean (asteburu honetan) Euskal Bodyboard Zirkuitoko higarren eta azken proba jokatuko da Sopelako Atxabiribil hondartzan, Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eta Peña-Txuri Surf talde lokalak antolatuta. Bihar B multzokoak lehiatuko dira eta, igandean, A multzokoen txanda izango da. Azken egunean lehia gogorra espero da gainera. Izan ere, David Perez (Europako zirkuitoan liderra) eta Aritz Larrinaga (euskal zirkuitoko burua) lehiatuko baitira maila gorenean. Biak sopeloztarrak.
  Kirolak 2004-09-30 23:52

Euskal Surf Zirkuitoko txapela egongo da jokoan asteburuan Atxabiribilen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Zumaian eta Donostian lehenengo bi kanporaketak egin ondoren, Euskal Surf Zirkuitorako puntuagarria den azkenengo proba jokatuko da urriaren 2an eta 3an (asteburu honetan) Sopelako Atxabiribil hondartzan. Egongo diren bost kategorietan (Surf Open, Emakumeak, Sub 18, Sub 16 eta Longboard) ehun suflari baino gehiagok parte hartzea espero dute antolatzaileek, Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eta Peña-Txuri Surf talde sopeloztarrak alegia. Izan ere, puntuez gain, 1.900 euroko saria egongo da jokoan. Beste alde batetik, urriaren 9an eta 10ean (hurrengo asteburuan), Euskal Bodyboard Zirkuitoko azken proba jokatuko da, Atxibiribilen ere bai. Izena emateko 94 473 51 25 telefono zenbakia eta ehsf@euskalsurf.com e-posta jarri dute.
  Kirolak 2004-09-22 11:45

Getxoztar eskalatzailea hil da Aragoiko Pirineoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aragoiko Pirineoko Benasque udalerrian, Salenques-Tempestades gailurrera eskalatzen ari zela, amildu eta hil egin zen atzo A.R.P. 24 urteko getxoztarra. Huescan Espainiako Gobernuko Ordezkariordetzak jakinarazi eta hainbat komunikabidek jaso dutenez, beste mendizale batekin zihoala, igotzen zebilen haitzak askatu eta 200 metrotan behera erori zen kirolaria, Salenqueseko glaziarrean amaituz. Segituan hil zen gaztea hartutako kolpe anitzen ondorioz.
  Kirolak 2004-09-20 23:22

Igandean hainbat irteera egingo dituzte Erandioko mendi taldeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 26an hainbat irteera antolatu dituzte Erandioko mendi taldeek. Besteak beste, Murgara abiatuko dira Erandioko Mendigoizaleak elkartekoek. Izena emateko, asteartean deitu beharko da 615 717 562 telefono zenbakira, 19:30etik 20:00etara. Astrabuduako Atxazpe Mendi Taldeak, berriz, Lizarrusti-Lekumberrira antolatu du irteera. Horretan apuntatzeko, asteartean edo ostegunean deitu beharko da 94 467 19 01 telefono zenbakira, 19:00etatik 20:30era.
  Kirolak 2004-09-09 21:57

Goiherri sokatira taldea munduko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den asteburuan, Amerikako Estatu Batuetako Rochester hirian egin zen lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketan, kluben urrezko domina eskuratu zuen, 560 kiloko kategorian, Erandioko Goiherri taldeak. Finalaurrekoetan Gaztedi klubeko A taldekoekin lehiatu behar izan ziren. Laukizkoek bigarren taldeko lehenengo postuan amaitu zuten kanporaketetan. Finalera igarotzeko talde bizkaitar bien arteko borroka oso gogorra izan zen eta azkenean erandioztarrek irabazi zuten bi tiradetan. Azkenean, Gaztedi taldekoek laugarren postua lortu zuten. Tamalez, Espainiako selekzioaren barruan lehiatu behar izan ziren talde biak.
  Kirolak 2004-09-09 00:31

Fadurako kirol ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ohiko hitzorduari jarraituz, irailaren 9tik aurrera, 2004/2005 denboraldiko ikastaroetan izena emateko epea zabalduko du Fadurako Udal Kiroldegiak. Tenis, padel, igeriketa, yoga, gimnasia eta bestelako ikastaroak izango dira aukeran, adin guztietako pertsonentzat, txiki zein nagusi. Aurreko urtetan bezala, kirol batzuetan maila bat baino gehiago dago. Beraz, hasierako mailatik goragokoetara igarotzeko, beharrezkoa izango da egiaztapen froga bat egitea. Tenis eta padelean hasierako mailarako ere egin beharko da froga, behin ikastaroa hasita.
  Kirolak 2004-08-13 20:58

Goierri-Barrika Txirrindularitza Saria egingo da bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Ugeraga kirol elkarteak antolatuta eta Barrikako Udalaren laguntzaz, "Goierri-Barrika Saria" 2. mailako kadeteen txirrindulari lasterketa egingo da larunbat honetan. 10:30etik aurrera, 55,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek. Besteak beste, Barrikako Goierri auzotik abiatuko da lasterketa, Plentziako zubia, Elortza, Urduliz, Garbigunea eta Sopelatik igaro ondoren, berriro ere, Goierrin amaitzeko (Arriaga auzotik aurten). Ibilbideari lau itzuli egin beharko dizkiete txirrindulariek.
  Kirolak 2004-07-28 20:42

Euskaltel-Euskadik Landaluze gabe egingo dio aurre San Inazio eguneko zirkuitoari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak Getxoko Zirkuitoa - Ricardo Otxoa IV. Memorialean hartuko du parte larunbat honetan, Frantziako Tourrean aritu ondoren euskal errepideetan egingo duten lehen agerraldian. Lastekertan Iñigo Landaluze taldeko buru izatea aurreikusi bazen ere, azkenean ez da horrela izango. Euskalteleko "hamarrekoa" hurrengo txirrindulariek osatuko dute, Julian Gorosperen zuzendaritzapean: Gorka Arrizabalaga, Mikel Artetxe, Koldo Fernández de Larrea, Dioni Galparsoro, Gorka González, Iñaki Isasi, Roberto Laiseka, Alberto López de Munain, Aitor Silloniz eta Josu Silloniz.
  Kirolak 2004-07-27 23:10

Beloki San Inazio eguneko zirkuitoan lehiatuko da lehen aldiz Saunier Duval taldearekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Zirkuitoaren 59. edizioa - Ricardo Otxoa IV. Memoriala izango da San Inazio egunean (uztailak 31), eta Joseba Beloki txirrindulari gipuzkoarraren itzulera izango da albiste nagusiena, Saunier Duval talde berriarekin egingo duen lehen agerraldia izango baita. Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak beste behin antolatu du lasterketa, nahiz eta arazo ekonomiko larriak izan dituen. Izan ere, ebazpen judizial baten ondorioz, elkarteak 39.000 euro ordaindu behar izan zituen, duela lau urte Urdulizko zaletuen lasterketan batean izandako istripu baten erantzuletzat jo baitzuten. Horrela, larunbat honetan, 9:00etan hasita, 12 taldek osaturiko pelotoiak zirkuitoaren 185,35 kilometroak egin beharko ditu (11 itzuli zirkuitora), Arriluze Kaian izango den helmugara heldu arte, 13:30ak aldera.
  Kirolak 2004-07-16 18:50

"Jose Antonio Agirre Lehendakariaren I.Omenaldia" estropada egingo dute San Inazio egunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Arraun Taldeari 24.040 euro emango dizkio Udalak, "Getxoko Estropaden XXVI. Ikurriña - Jose Antonio Agirre Lehendakariaren I.Omenaldia" antolatzeko. Urtero egiten den estropada Abrako uretan izango da uztailaren 31n, hau da, San Inazio egunean bertan.
  Kirolak 2004-07-15 20:42

San Inaziotako lasterketa antolatuko du azkenean Punta Galeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Orain hilabete bat, Punta Galea Txirrindulari taldeak urtean zehar antolatzen dituen lasterketa guztiak bertan behera utziko zituela iragarri zuen arren, San Inaziotako 59. txirrindularitza zirkuito profesionalaren (Ricardo Otxoaren 4. omenaldia) antolaketarekin jarraitzea erabaki zuen, duela 2 aste, klubeko Zuzendaritza Batzordeak. Horrela, uztailaren 31an egingo da lasterketa, San Inazio egunean, 9:00etatik aurrera.
  Kirolak 2004-07-06 22:23

Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango da Berangoko II Igoera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uztailaren 10ean egingo den Berangoko II Automobil Igoera aurkeztu da gaur udalerri horretako batzar aretoan. Lehenengo edizioa ez bezala, aurtengoa Euskadiko Mendi Txapelketarako puntuagarria izango da. Miren Dobaran alkatesak nabarmendu duenez, garrantzi handiko ekitaldia da hurrengo larunbatekoa, batez ere, berangoztarren artean dagoen automobilismorako zaletasunagatik eta herrian bertan dauden pilotoengatik. "Eurak arduratu dira antolaketaz eta, bide batez, motorraren munduari egun bat eskaintzeko aukera aprobetxatu nahi izan dugu", adierazi du. Horretaz gain, lehiaketaz aparte, Moreaga kalean kotxe erakusketaz gozatzeko aukera edukiko dute auzotarrek, Dobaranek gogoratu duenez. Azkenik, "ezbeharrik egon ez dadin, horrelako ekitaldi batetan egoten diren segurtasun neurriak errespetatzeko" eskatu die ikusleei alkatesak.
  Kirolak 2004-07-01 22:21

TKE Ligako 12 traineru onenak lehiatuko dira igande honetan Getxoko uretan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Traineruen Kluben Elkarteko 12 traineru onenak Telefónica Banderaren seigarren edizioan lehiatuko dira igande honetan Getxoko uretan. Urteko lehen estropada garrantzitsua izango da, eta 25.000 euro inguru banatuko dira sarietan. Traineruek 5.556 metroko ibilbideari egingo diote aurre, Ereagako hondartzaren aurrean. Txandak honela banatuko dira: Isuntza, Trintxerpe, Cabo de Cruz eta Pedreña lehenengoan; Hondarribia, Pasai Donibane, Urdaibai eta Tirán bigarrenean; eta Orio, Astillero, Castro eta Mecos hirugarrenean.