Iritzia 2016-10-06 10:37

Hauteskunde osteko astelehena

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Garagarza

Hauteskunde osteko astelehenean, Marisak, alarguna eta bi seme alabekin, gutun bat jaso zuen etxetik alde egin behar zuela esanez. Hauteskunde osteko egunean, “Marisaren etxetik” hiru kaletara Kutxabanken bizi den izenik gabekoaren ajea izugarrizkoa zen. Ibonek ere ajea zeukan. Urteak aurrera joan ahala ajeak bi egun irauten du. Ostiralean lagunek agurra prestatu zioten astelehenean Australiarako bidea hartuko zuelako.

Ahmedi udako kontratua bukatu zaio eta, uda berriz heldu arte, errutina bihurtu zaion ordu beteko kola egin du Lanbiden. Anek ez du Ahmed ezagutzen, baina ordu berean leku berean antzeko arazoa partekatzen dute.

Unaik igandean 24 orduko guardia zeukan, baina lanaldia astelehen goizera arte luzatu zaio. Ospitalea goraino zegoen eta hurrengo txandan ez zegoen jende nahikorik, laneko bajak aspaldi betetzen ez direlako. Karmele Gurutzetara heldu berri da, alabak eskolako patioan orkatila bihurritu duelako. Administraziokoak "perdón, en castellano" esan dio.

Hauteskunde osteko astelehenean, batezbesteko polizia gehien duen Europako herrialdean, Iker eta David, gimnasioan, Arkaute buruan dutela, hurrengo EPEa prestatzen daude. Bitartean Joxefi, asteleheneko errutinari jarraituz, "Pentsio Duinen" elkarretaratzean ertzainez inguratuta dago.

Oskarrek Espainiako Kongresuan "duro y a la encía... De Guindos tuvo la mala suerte de tener un contrato en prácticas por 368.000 € al año en la empresa Endesa". Aldi berean, Izaskun, alderdikoa betidanik, zinegotzi kargua utzi, eta enpresa publiko bateko zuzendaritzan kokatu dute. Ni neu, langabezian nago. Hauteskunde osteko astelehenean liburu bat idatziko nuke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa