2016ko aurrekontuei dela eta

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2016ko api. 15a, 12:58
EH Bilduk udal-gobernuak aurkeztutako 2016ko aurrekontuen aurrean hartu dugun erabakiaren berri eman dugu gaur goizean udaletxean komunikabideen aurrean. EH Bilduk abstentzioarekin erantzungo die aurrekontuei uste dugulako lortutakoa gure herriarentzat garrantzitsua dela. Getxo 4 urte egon da aurrekonturik gabe eta, akordiorik lortu ezean egoera berdinean jarraituko luke, egungo errealitateari erantzuten ez dioten aurrekontuekin. Akordio honen bitartez, Getxok aurrekontuak izango ditu. Ez dira Getxoko EH Bilduren aurrekontuak baina getxoztarren egoera hobea izango da akordioan ezkerrerantz urratsak jasotzen direlako. EH Bilduk erantzukizunez jokatu du eta hauexek dira, besteak beste, lortu ditugun proposamenetako batzuk: -Gazteentzako emantzipatzeko 250.000 euroko diru partida izango da lau urteetan. -Etxebizitza hutsen errolda. -Alor guztietako diru-laguntzetan %10aren igoera, eta lau urteetan izandako %20aren murrizketa osoa berreskuratzea. -Portu Zaharreko igogailuaren proiektuaren gauzapena eta emakumeen txokoaren hobekuntza eta proiektua. -Andra Mariko Benta eraikinaren etorkizuna prozesu parte hartzailearen bidez erabakitzeko proiektua. – Emakumeen Etxea eraikitzeari begira prozesu parte hartzailea. Puntu honetara heltzea ez da erreza izan baina ilusio osoz egin dugu. Urtarrilean EH Bildun dauzkagun baliabide eta bitartekoekin Getxo mailan prozesu parte hartzailea egiten hasi ginen. Prozesu horretan zehar, auzoka herritarren beharrak eta nahiak (herri asanbladen bidez) jasotzeaz gain, ostalari zein merkatariengana ere jo genuen eta, bide batez, elkarte ugariren iritziak ere jaso ditugu. Ekarpen guzti hauek izan dira negoziazio mahaian jarri ditugunak. Azkenean herri asanblada bat burutu genuen eta parte hartzaileen ia %80ak abstentzioaren aldeko bozka eman zuen. Ezin ukatu hainbat eskari, proiektu, aldarrikapen bidean geratu zaizkigula eta mesfidantzak ere baditugula aurreko akordioen betekizun mailari so eginez. Baina, esan bezala, etengabeko prozesu parte hartzaileak eta aipatutako asanbladaren oniritziak eraman gaituzte urratsak ematera. Oposiziotik arduraz jokatu dugu, eta oposiziotik segituko dugu udalean zein kalean herri eredu desberdin baten alde lanean, horretan herri mugimenduak, herriko taldeak eta herritarrak bidelagun izango ditugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun