2017-01-25 22:56

Gazteengandik zer ikasi badago

Erabiltzailearen aurpegia Guillermo Malaina Martínez

“Gaur egungo gazteak ez dira lehengoak bezalakoak”.  Noizbehinka adineko jendeari entzuten diot esaldi hau, maiz kritikaren kutsu batez. Ez dakit zerk eragiten duen kexa (norberaren barneko malenkoniak, iraganeko minak, pertsonak alderatzeko joerak, garaikideekiko hurbiltasunak, belaunaldien arteko urruntasunak…), baina kontua da geure gizartean kritika hau sustraiturik dagoela.

Hainbat testuingurutan eta garaitan entzun da. Nik neuk entzuten nuen esaldi hori gaztea nintzenean, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, ile urdina zuen baten baino gehiagoren ahotik. Urteak joan eta urteak etorri, berriro ere aditzea Erandioko jaietan egokitu zitzaidan, joan den abuztuan. “Gaur egungo gazteak ez dira lehengoak bezalakoak”, bota zuen tupustean barra ondoan zegoen berrogeita hamarka urteko gizon batek. Auskalo harrotasunez ala harrokeriaz harrotu ote zen gizona kokotsa goratuz, baina, edonola ere, esanak bere kuadrillaren onespena jaso zuen.

Onespena onespen, esaldi horren atzean belaunaldien arteko ezberdintasunak bilatzeko eta azpimarratzeko joera dago, gure gizartean berdintasun itzelak egon badaude ere. Erandioko gazteriak, hain zuzen, horiexek frogatu zituen herriko jaietan. Identifikatuta sentitu nintzen gure gazteekin, beraiek ikusiz hainbat ekintzatan: herriko bazkarietan, buruhandien irteeretan, gaueko berbenetan edota kuadrillen jaitsieran. Azken honetan, gainera, xelebrea izan zen ene lagun baten esana, gay eta lesbianen bandera harrotasunez eta irribarrez zeraman kuadrilla bat ikusita: “Geure garaian ez zen hau Erandion ikusten, ez horixe!”, xuxurlatu zidan. Gero liluraz karrozari begira geratu ginen, harro geure gazteekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa