Getxok erabakitzea erabaki

Erabiltzailearen aurpegia GureEskuDagoGetxo 2016ko mai. 23a, 17:58

Getxoko Adostasunaren Plazako kideak: José Allende, Josu Amezaga, Paula Amieva, Luciana Davies, Arantxaxu Garmendia, Begoña Garteizaurrekoa, Paul Laka, Maitane Nerekan, Nora Otxoa, Ina Robles, Hugo Salinas eta Ibon Urgoiti

Filosofo batek zioenez, ezin gara inoiz ibai berean bi aldiz bainatu, beti da-eta ibai ezberdina, tanta ezberdinek osatua. Filosofoari kasu egitera, ezberdina da beti Bizkaiko Zubiaren azpitik etengabe igarotzen den itsasadarra; ezberdina da beti Erromon behera datorren Gobela, eta ezberdina da beti Areetako hondartzatik Barinatxera zabaltzen den itsasoa. Ezberdinak gara.

79.500 biztanle inguru gara Getxon eta guretako bakoitza bakarra da. 79.500 tanta ezberdin, Kantauriko itsas bazter hau osatzen dugunok. Tanta bakoitzak bere ekarpena egiten du, elkarri lotuz eta modu bateko edo besteko osotasuna itxuratzeko denek berdin eraginez. Berebizikoak gara.

Gauza txikiek egiten gaituzte ezberdin, baita gauza handiek ere. Badago Portu Zaharrean, Areetan, Negurin, Algortan, Erromon edo Andra Marin jaio eta bertan hazi eta ikasi duena. Badago ere, urrunetik, handik edo hemendik, etorri eta ja herri honetako parte dena. Batzuentzat hilabete amaiera amesgaiztoa da, beste batzuek amets gozoetan ematen dute bizitza. Euskaraz bizitzeko hautua egin duenik bada, baita gaztelaniaz egiten duena ere.  Askotarikoak gara.

Herri anitza da Getxo; heterogeneoetariko bat gure inguruan seguru asko. Gizarte maila zein ideologia politiko guztiak bizi gara 11,89 kilometro koadrotan. Horrek elkarbizitza zaildu egiten du batzuetan, baita aberastu ere. Herri bereko bizilagun izatea da batzen gaituena. Ezberdinak, berebizikoak, askotarikoak eta pluralak gara.

Euskal Herrian ere asko gara eta iritzi ezberdinekoak zelango herria izan nahi dugun galdetuta.

Zenbat eta iritzi ezberdin gehiago, orduan eta garrantzitsuagoa eta osasuntsuagoa  da denon artean erabakitzea. Horregatik diogu herritarren garaia dela, gurea baita gure oraina eta etorkizuna gure artean erabakitzeko eskubidea.

Eta horretarako lehenengo urratsa, erabakitzea erabaki. Erabaki bat hartu beharko dela adostea eta erabakitzea.

Horixe da ba Adostasunaren Plaza. Getxoko Gure Esku Dago herritarren ekimenak hamabi bizilagun mahai baten bueltan eseri gaitu eta herriko elkarte eta talde ezberdinek egindako ekarpenak batera jarri eta adostasun puntura eramaten jardun gara. Bai eta lortu ere.

 Ekainaren 5ean Algortako Biotz Alai plaza Getxoko Adostasunaren Plaza izango da. Herritarrez beteko da. Getxoztarrez. Eta Erabakitzeko Eskubidearen gainean  ezberdinen arteko adostasunetik jaiotako adierazpena entzun ahal izango dugu bertan. Gure herriaren aniztasunagatik, hain zuzen ere, balio berezia dauka Getxon lortutako adostasunak. Baina ekainaren 5ean zeu ere plazan egotea ezinbestekoa izango da adierazpen horrek indarra har dezan, zilegi izan dadin. Getxon ere ilusioa piztuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun