Politikaren Basoa Zergatik?

Erabiltzailearen aurpegia KOLDO ITURBE 2015ko mar. 18a, 16:35

Ez deutsuet ezer errebelatuko neure bizimodua politika dala aitortzen badeutsuet. Hala da eta orain urte batzuk erabaki neban neure beharra, zer demontre, neure bokazioa politika zala. Neure herria maite dot, aberrizalea naz eta geure hizkuntzen alkarbizitza (amaren euskara eta aitaren gaztelera) hobetzeko sartu nintzan. Irakasle bikaina euki neban, ez zan izan neure alderdiko agintari ospetsu horreetariko bat, nire amaren aita izan zan; benetako gudaria, euskalduna, baina batez bere pertsona arteza. Berarengandik ikasi nebazan neure ibilbidean darabildazan printzipio nagusiak: alde batetik, “mundu honetan pertsonak egin behar dauan azkenengo gauza gezurretan ibiltea dala”, bestetik eta inportanteena “beti bere, pertsonak garala eta bizitza dagoala edozein eskubideren gainetik”.

 

Daborduko gauza asko ikusi dodaz politikan, gezurrak, alperrak, sinisten ez diran baloreak defendatzea, giza eskubideen urraketen aurrean isiltasuna, errespetu faltak, etabar; baina oraindik bere, ogibide honetan eta bertan dabilzenengan konfiantza daukat. Inguruan hainbat ikusi dodazalako, euren familien kalterako, orduak emoten herriarentzat, arrazoi garbi batengatik, euren herria maite dabelako. Artalde guztien antzera, ardi baltzak dagoz, famila guztietan legez senide lotsagarriak daukaguz; baina horrek ez dau esan gura familia osoa, artalde guztia, ustelduta dagoanik. Errebindikatu egin gura dot profesino honen duintasuna eta bertan gabilzanon konpromisoa. Kementsu aldarrikatu gura dot, aititeren moduan, pertsona artezak politikan bere bagagozala, barkatu: badagozala.

Koldo Iturbe Mendilibar EAJren bozeramailea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun