Ainhoa Etxaide: “500 arrazoi ditugu larunbatean kalera ateratzeko”

Erabiltzailearen aurpegia LAB 2016ko urt. 8a, 10:18

Urte hasiera guztietan bezala, aurten ere, presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo da. Aurtengoan gainera hitzordua bikoitza izango da, Sarek eta Bagoazek, urtarrilaren 9rako bi manifestazio antolatu baitituzte, bata Bilbon eta bestea Baionan. Bertan sakabanaketarekin eta salbuespen neurriekin amaitzea aldarrikatuko da. LABek, deialdi honi bere atxikimendua emanez elkarretaratzeak egin ditu Euskal Herriko leku ezberdinetan. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak Bilbon hartu du hitza, eta bertan mobilizazio hauek duten garrantzia azpimarratu du.

"Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi dugu urtea beteko dela Guardia Zibila gure egoitzan sartu zela Euskal Preso Politikoen kontra egitera hamaikagarren aldiz.

Orduan elkartasuna zigortu eta kriminalizatu nahi izan zuten Madriletik zuzendutako operazio politiko-judizial-mediatikoarekin. Milaka euro eraman zituzten, Sare errepresioaren mehatxupean itotzeko asmo argia erakutsi zuten eta urrats berria ematen saiatu ziren preso politikoen eta Euskal Herriaren arteko edozein lotura mozteko. Urte bete lehenago abokatuak eta kolektiboaren bitartekariak eraman zituztela ezin dugu ahaztu. Errepresioaren katea luzea dela bistan da.

Euskal Preso politikoak bakar bakarrik eta isolatuak nahi dituzte. Mendeku egarriz jokatzen dutelako zalantzarik gabe. Baina politika honek badu helburu politiko argi bat: presoak txikitzea amore eman dezaten eta Estatuak hainbestetan amestu duen damuketaren bidea hartu dezaten. Salbuespen legeek ez dute beste justifikaziorik. Euskal Herrian irekitako egoera politikoan presoen kontrako neurriak areagotzea hori erakusten dute, ez besterik.

Errepresioa urte hasieran, Estatu indarkeria presoen kontra urtean zehar, senideen kontrako zigorra astero astero. Baina guztiaren gainetik gailendu da elkartasuna eta euskal presoen eskubideen aldeko aldarria. Abenduan zehar ekimen eta mobilizazio pilo egon dira Euskal Herri osoan zehar, baita kanpoan ere. Eta berriro ere hasiko dugu urte hau gure elkartasuna eta konpromisoa adierazten.

Aurtengo mobilizazioak badu garrantzi berezi bat gainera. Estatu espainolean gobernu berria osatu beharko da, egoera politiko ezberdin batean gainera. Euskal preso politikoen auzia behingoz konpontzea gobernuaren agendan egotea nahi badugu aldarrikapen hau indarrez iritsi behar da Madrilera. Euskal Herrian indar hori badagoela erakutsi behar dugu 9an.

Euskal Herrian ere instituzioak berritzen ari dira, gobernu berria dago Nafarroan, egoera instituzional berria ipar euskal herrian, eta urte honetan berrituko da jaurlaritza. Presoen auzia konpontzea agenda politiko instituzionaletan sartzea gure esku dago. Ezin dugu presoen etorkizuna larunbatean mobilizazioetan egongo ez diren alderdi politikoen esku utzi. Eta batez ere, ez gara gu izango larunbatean etxean geratuz jarrera horietan mantentzea lagunduko dugunak.

500 arrazoi ditugu larunbatean kalera ateratzeko. Preso gaixoen kasuan, arrazoiak eta urgentziak ditugu. LABetik gure afiliatu, kide eta lagun guztiei deitzen diegu 9an Baionako eta Bilboko kale guztiak betetzera.

Gure aldetik, urte berriarekin batera esan nahi dugu lan munduan presoen eskubideen aldeko borroka indartzeko premia ikusten dugula. Euskal sindikatuen aldetik askoz ere gehiago egin dugu beste momentu batzuetan. Baldintzak inoiz ez bezalakoak izan arren ez dugu gai hau gure agendetan behar den lekuan jartzen eta hori zuzentzeko asmoz iniziatiba berriak hartu behar direla uste dugu. Sindikatuak batera, edo bakoitza bere kabuz, baina guztioi dagokigu urrats berri bat egitea 2016an konponbideetan aurrera egin dezagun.

URTARRILAREN 9 DENOK KALERA. Euskal Presoak EKARRI behar ditugulako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun