Isilduz gero, torturaren alde zaude

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2016ko mai. 3a, 09:41

Ez da ohikoa nire zutabe honetan Uribe Kostatik urrunekoei erreferentzia egitea. Asmoa neukan oraingoan Algortako Hezetasun auzoaz hitz egiteko, bertako auzokideei elkartasuna helarazteko, bizi duten bortxaketa urbanistikoagatik (bertatik pasatzean antsietatea sentitzen dut). Baina, joan den asteko gertakari batek, faxismoaren goia jo duela deritzot. Uribe Kostan gertatu ez bada ere, uribekostarron kontrako erasoa ere bada: “Torturari ez” jartzen duen mural bat margotzeagatik 8 lagun atxilotu zituzten Iruñerrian.

Ipurtzulotik eta alutik sartutako pistolak, zure ama edo bikotea hiltzeko mehatxuak, itotzen zaituen poltsak, barrabiletan emandako kolpeak, baimen barik ukitutako titiak... Torturaz ari naiz; baita, laster epaitua izango den Erika Bilbao leioaztarraz eta hori sufritzen duten dozenaka uribekostarrez. Bai, sufritzen duten. Tortura ez delako 5 egunez pairatzen den indarkeria basatia, betiko gainean eramaten ikasi behar den motxila baizik.

Herri honetako ordezkari politiko gehienek, ondoko premisan sustengatzen dute euren morala: indarkeria gaitzesten ez baduzu, horren bultzatzaile eta parte zara (nahiz eta ekintza biolentoetan zuzeneko parte-hartzerik izan ez). Ideia horri jarraituz, ehunaka dira Euskal Herrian eta, etxera etorriz, Uribe Kostan, polizia-etxeetan, diru publikoz ordaindutako soldatapeko langileek praktikatzen duten biolentzia armatuaren kolaboratzaile-defendatzaile direnak. Bestela ulertezina da ikustea Iruñerrian gertatutakoaren inguruan zein ahots gutxi altxa diren; baita, Uribe Kostan bertan, torturaren aurkako irudi bat egin eta Ertzaintza hurbiltzea isunen bitartez Espainiar legea betearazteko.

(HIRUKA 57. zenbakian argitaratua)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun