Elkarrizketa "oztopaezina" dela adierazi du Elkarrik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 12a, 23:26
Gorka Espiauk jakinarazi duenez, Ibarretxe planaren eztabaida prozesuaren azterketa egin du Elkarrik. Ondorio nagusi bezala, elkarrizketa "oztopaezina" adierazi du. Horretaz gain, Legebiltzarrean eta Nafarroako Gobernuaren testuinguruan, alderdi guztiak batuko lituzkeen bi foro eratzeko asmoa iragarri dute. Beste alde batetik, Europako Eskualdeen Batzarrak Europako Konstituzio proiektuaren inguruan onartu duen deklarazioa eta Jaurlaritzaren estatutu berri proposamena bat datozela adierazi du gaur Ibarretxek.
Espiauren iritziz, "eztabaida deuseztu asmoz", satanizazioaren mehatxua dago Espainiako Gobernuaren aldetik. Bide horretan, Aznarren exekutiboak jauzi kualitatiboa eman duela uste du Elkarrik. Egoera horri aurre egiteko elkarrizketa bultzatu nahi dute: "Zenbat eta traba gehiago, orduan eta beharrezkoagoa da elkarrizketa, eta ahalegin handiagoa egin behar da gizartearen parte hartzea bultzatzeko". Hori dela eta, elkarrizketa foroak osatu eta gizartearen parte hartze zuzenagoa bultzatuko dute.

"Ezin zaio probokazioari kasu egin elkarrizketaren printzipioa bertan behera uzteko. Uste dugu testuinguru honetan eztabaida eskubidea baliatuz Elkarrik Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako parlamentura helaraziko duen alderdi poltiko guztien arteko elkarrizketa foroak garrantzia gehiago hartzen duela. Eta uste dugu, elkarrizketa prozesu hau eragoztea ezinezkoa izango dela", azpimarratu du Elkarrik.

Europako Eskualdeen Batzarrak Europako Konstituzioari egin dion ekarpena eta Jaurlaritzaren estatutu berri proposamena bat datoz Ibarretxeren arabera

Europako Eskualdeen Batzarrak Europako Konstituzio proiektuaren inguruan onartu duen deklarazioa eta Jaurlaritzaren estatutu berri proposamena bat datozela adierazi du gaur Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak Salzburgon, Europako Eskualdeen goi bilera egiten ari den hirian."Hemen onartu dugunak, 73 eskualdek esaten dugunak, eta guk Legebiltzarrean egindako proposamenak gauza bera planteatzen dute", azpimarratu du Ibarretxek. Besteak beste, herrialde horiek Europan parte hartze handiagoa izatea eskatzen dela nabarmendu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun