Lexarreta zubia egokitzeko lanak egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 14a, 20:14
Gobela Ibaia bideratzeko eta zabalago egiteko ekimenaren barruan, Lexarreta zubia egokitzeko proiektua onartu du gaur Getxoko Udalak. Makaletako etorbidea eta Larrañazubi kalearen artean dago aipatutako bidea eta, gaur egun, estua izateaz gain, oso egoera txarrean dago. Egitasmoa egiteko 476.295 euro inbertituko dituzte. Baina, aurrekontu berrietan horretarako diru kopurua noiz jasotzen den itxaron beharko da egitasmoa aurrera eramateko.
Egin nahi duten zubi berriak 12 metrotako zabalera izango du: errepidearen zabalera 8 metrotakoa izango da, eta albo bietan bi metrotako espaloi bana jarriko dute. Gainera, ibaiaren bidea ere egokitu nahi dute, 60 zentimetro lodierako harri-lubeta, eta honen gainean landareak jarriz. Zubia eta errekaren arteko altuera 9 metrokoa izango da, alderik baxuenean.

Behinik behin, ibaiaren bidearen bi aldeetan ere egingo dute lan, alde bakoitzeko 50 metrotan zehar, hain zuzen ere. Honako hau, Gobela ibaia bideratzeko, Eusko Jaurlaritzak aurrera eramango duen erreformaren barruan dago. Ekimen honekin, gainera, gerta daitezkeen uholdeei aurre ere egin nahi die Udalak, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak azaldu duenez.

Udal arduradunek espero duten bezala, hurrengo egunotan aurrera aterako balira aurrekontu berriak, datorren urtarrilean eman ahal izango litzateke proiektua. Lanak, berriz, martxoan hasiko lirateke eta zortzi hilabeteko beranduago amaitu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun