Justizia administrazioari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Herria 2000 Elizak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 16a, 21:09
Herria 2000 Elizak 'Justizia Administrazioa eta Euskal Herria' izeneko jardunaldiak antolatu ditu Bilbon, hilaren 17, 18 eta 20rako, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan. Bertan, hainbat gairen artean, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren proposamenaren zilegitasunaz eta legalitateaz eztabaidatuko dute.
Herria 2000 Eliza bere 25. urteurrena ospatzen ari da aurten. Hori dela eta, hainbat eztabaida-foro egiten ari da. Orain arte lau antolatu dira: Ibarretxeren planari buruzkoa, gainerako partiduek dituzten proposamenei buruzkoa, euskararen egoera eta soluzio bideei buruzkoa eta lurraldetasunari buruzkoa. Dagoneko, liburu bat dago kalean: 'Tiempo de soluciones', lehengo bi foroen lanak biltzen dituena eta Durangoko Azokan bigarrena kaleratuko da: 'Euskara eta lurra', hirugarren eta laugarren foroetako lanak bilduko dituena.

Azaroan, berriz, V. Foroa antolatu dute, 'Justizia-Administrazioa eta Euskal Herria' izenekoa. Horren lanak ere ondoren aterako den liburuan argitaratuko dira.

Bihar, azaroak 17, 'Zilegitasuna eta legalitatea Euskal Herrian" izango da hizpide. Besteak beste, honako gaiak jorratuko dituzte: legalitate konstituzionalaren eta Eusko Legebiltzarrekoaren artean kontraesana dagoen ala ez, ezker abertzalea Gasteizko Ganbera disolbatzeko orduan dagoen tentsioa zertan datzan, eta zuzenbidearekin bat datozen Alderdien Legea edota plataformen ilegalizazioa aurreko udal eta foru hauteskundeetan.

Azaroaren 18an, 'Euskal Herriarentzako Justizia propio baten zentzua' izango da mintzagaia. Justiziarekin arazoak konpontzeko hiritarrak Madrilera joan beharrak duen zentzua eta Entzutegi Nazionalak, Auzitegi Gorenak edota Jurisdikzio bereziek duten betebeharra aztertuko dute.

Azkenik, azaroaren 20an, 'Botere judizialaren independentzia' izango da aztertuko duten gaia, botere betearazlearen eta judizialaren artean benetako banaketa dagoen ala ez eta epaiak ematerakoan epaileek jasotzen dituzten hertsapenak zeintzuk diren landuz.

EGITARAUA:

JUSTIZIA-ADMINISTRAZIOA ETA EUSKAL HERRIA
Herria 2000 Eliza-ren V. Foroa – 25. urteurrena

Bizkaiko Abokatuen Elkargoa, Bilbo
Uribitarte Aldapak, 3
19:30


Azaroak 17

LEGITIMITATEAREN ETA LEGALITATEAREN ARTEKO TENTSIO DIALKETIKOA EUSKAL HERRIAN

Moderatzailea: Eduardo Escribano. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoa.

Hizlariak: Joaquín Navarro Madrileko Entzutegiko epailea, Nekane San Miguel, Bilboko magistratua, Ignacio Muñagorri EHUko irakaslea eta Jaime Tapia Parreño EAEko Demokraziarako Epaileak erakundeko koordinatzailea.

Azaorak 18

BEREZKO JUSTIZIA EUSKAL HERRIARENTZAT

Moderatzailea: Juan Maria Vidarte, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekano ohia.

Hizlariak: Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordea, Iñigo Santxo Abokatu Euskaldunen Sindikatuko kidea, Edmundo Rodriguez Bilboko epailea eta Jose Manuel Castells EHUko Zuzenbide irakaslea.

Azaroak 20

BOTERE JUDIZIALAREN AUTONOMIA

Moderatzailea: Francisco Abrisketa. Abokatua.

Hizlariak: Emilio Olabarria CSJko kide ohia eta parlamentaria, Margarita Robles Espainako Auzitegi Nazionaleko epailea, Angel Gaminde Bilboko abokatua, Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, eta Luis López Guerra CSJko kide ohia eta Zuzenbide katedraduna.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun