Urte betez luzatu dute txakur-zerbitxuaren iharduera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 17a, 22:15
Getxoko Udalak beste urte betez luzatuko du udal txakur-zerbitzuaren iharduera, horretarako 73.964 euro jarriz. Zerbitzua 2000 urtean sartu zen indarrean, ordura arte udalerrian zeuden txakurtegiak desagertaraziz eta, aldi berean, txakur guztiek identifikazio-txipa eramatea bultzatuz. Kalean utzitako txakurrak eta beste animali batzuk ere jasotzeaz gain, aterpea daukate Sopelan.
Astelehenetik ostiralera, egunean lau ordutako kale-errondak egiten jarraituko dute txakur-zerbitzuko langileek. Horretaz gain, bai Udalari, bai hiritarrei arreta egiteko zerbitzua edukiko dute 24 orduz. Jasotako deialdiei erantzuna emateko denbora 30 eta 40 minutu artekoa izan beharko da. Gainera, jarduketa bakoitzari buruzko txosten zehatza egin beharko dute eta, bai lokalari, bai jasotako animaliei dagozkien osasun eta segurtasun baldintzak bete beharko ditu aterpeak. Legez ezarrita dagoen denbora betetzen denean, beste jabe batzuei eman ahal izango dizkiete animaliak.

Urteko hasierako sei hilabeteetan 365 animali jaso ditu txakur-zerbitzuak: horietatik 277 txakurrak ziren, eta gainerako 82ak katuak. Txakurren %48k identifikazio-txipa zeramaten eta gehienak Udaltzaingoak eraman ditu. Horietatik, 138 txakur euren jabeek berreskuratu dituzte, 69 beste jabe batzuen eskuetan utzi eta 48 hil egin dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun