Euskararena ez ezik, Nafarroaren Eguna be ospatuko du Gorrondatxe Kultur Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 18a, 23:11
Abenduaren 3a, Euskararen Eguna izateaz gain, lehenagotik ere Nafarroaren Eguna dela aditzera emateko, hainbat ekitaldi antolatu ditu hurrengo egunetarako Gorrondatxe Kultur Elkarteak. Izan ere, Getxon eta Euskal Herriko hainbat tokitan, euskararen eguna bezala baino ez da ospatu abenduaren 3a, azken urteetan. Hori dela eta, "ospakizun bikoitza" egitera deitzen dute.

Besteak beste, "arrano beltza, katedun bandera gorria eta ikurrina astinduz" Algortako kaleak musika eta dantzarekin alaituko dituzte aipatutako egunean, 19:00etatik aurrera. Horretaz gain, aurretik ere, bi hitzaldi antolatu dituzte. Bata, Gaizka Aranguren Nabarralde elkarteko kidearen eskutik, eta bestea, Floren Aoizek emana; azaroaren 19an (bihar) eta 28an, hurrenez hurren.
Gaizka Aranguren, Nabarralde elkarteko kidea, 'Nafarroa Osoa' izenburupean, Nafarroako Erresuma izandakoak "euskal nortasun politikoa berreskuratzeko ezinbesteko erreferentzia gisa" aurkeztuko du bihar bertan emango duen hitzaldian. Arratsaldeko zortzietan, Algortako kultur etxean emango du. Ekitaldia euskaraz izango da.

Floren Aoizek, berriz, militantzia politikoagatik ezaguna eta 'La vieja herida. De la conquista española al amejoramiento foral' liburuaren egilea, Nafarroako historiak pairatu duen "manipulazioaz" arituko da Gorrondatxe Herriko Tabernan azaroaren 28an arratsaldeko zortzietan izango den askari-solasaldian. Euskara eta erdara tartekatuz izango da.


EGITARAUA.

NONDIK GATOZ...
...NORA GOAZ


IKUSKIZUN-AURKEZPENA:

'Nafarroa Osoa'

Euskal Herria / Vasconia: konzeptu kulturala
Nafarroa / Navarra / Navarre: euskal Estatua

Azaroaren 19an, asteazkena.
Hizlaria: Gaizka Aranguren (Kazetaria. 'Nabarralde'ko zuzendaria).
Ordua: 20:00etan.
Lekua: Algortako Kultur Etxea (Villamonte).

SINOPSIA
Euskararen herriak mende luzez izan zuen berezko egitura politikoa. Nafarroako Erresumak bildu zituen nazioarteko zuzenbide subjektu gisa euskaldunak. XIX. Mende amaieran Nafarroaren erreferentzialtasun politikoan zetzaten proposamenak ez dira aintzat hartu. Koherentzia historikoa eta eraginkortasun politikoa uztartzen dituen euskal nortasun politiko enoratua berreskuratzeko garaia izan daiteke XXI. mendea.

Hitzaldi amaieran NABARRALDE ekimena aurkeztuko da.


HITZALDIA

'Nafarroaren konkista. Historiaren manipulazioa'
Azaroaren 28an, ostirala.
Hizlaria: Floren Aoiz
Ordua: 20:00etan.
Tokia: Gorrondatxe Herriko Taberna.


EKITALDIAK:

Abenduaren 3a. Nafarroaren eguna. Euskararen eguna.
Algortan zehar kale-animazioa, musika, bertsoak, kantak...
Ordua: 19:00etatik 22:00ak arte.

Antolatzailea
GORRONDATXE KULTUR ELKARTEA
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun