Gabonetako argien itzalak-Mikel Carramiñana / Mediaberri.com-eko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 24a, 23:40
Urtero, gero eta lehentsuago gainera, harridura sorrarazten duen kontua da azaroan gabonak hasten direla deskubritzea. Esfortzua eginda, ulertu zitekeen batzuk saldu behar dutela. Gordin irensten dira printzipioak gabonetan eta munduko ezkertiar konbentzituenak ere, kontsumismoaren biktima bilakatzen da poztasunerako omen diren garai hauetan. Hauetan bai, izan ere, errepikapen aspergarrietan erortzea bada ere, hasiak dira gabonak. Telebistaren egoera tamalgarria dela eta, inkomunikatua bizitzeagatik betiko iragarki ponposoak ikusi ez dituenak, aski du hirietako kaleei so egitea, gauez ahal izanez gero. Gora begira ikus daitezkeen argi bitxi horiek ez dira ipurtargiak, gabonak iritsi diren seinale baizik. Berehalako jokaera izan daiteke, egutegira jotzea, buru galdua izanik, ziurtatzeko benetan abendua heldu ez dela.
Hausnarketa sakonagoa eskatzen du beraz, galdetzeak ea nor duen interes berezirik urte bukaera hainbeste aurreratzeko. 2000. urtean, agian, ordenadoreak eta gailu elektroniko guztiak hondatu behar zituen gaitzaren zain zegoen mundua, 2001.ena nolabaiteko garrantzia bazuen ere mende berrian sartzeagatik. 2002.ena, kapikua izatearen bitxikeriaz eta zenbait herrietan txanpon berria estreinatzen zela, aparteko xarmaz espero zen. Baina oraingoan etsipena nagusituko da urte bukaeran. Ipuinak eta aitzakiak agortuz doaz eta umeek ere, gero eta poztasun gutxiagoa igartzen dute inguruetan. Euskal Herriak behintzat itxaropen gutxi gorde dezake urte berriari begira, kasurik onenean akaso, beste gaitzik ekarriko ez duela desiratzea ezpada. Gabonetako argiak pizterik, goiz zein berandu, ez da egongo planeta osoko bazter gehienetan.

Palestinan edo Iraken okupatzaileen festa erlijiosoak jasan beharko dituzte eta argia jada ez dute maite, misilen distira maizegi itsutu dituztelako gaurik beltzenak ere. Galizian, Prestigen hondamendiak belztutako bihotzak, ez dute oraindik argirik antzemango. Gribaltarreko itsasartea zeharkatzea helburu duten paterek ez dira gabonetan geldituko, ezta urte berriaren etorrerarekin ere. Euskal Herrian azkenik, konponbiderik gabeko gatazkan bizitzea ospatu beharko da beste urte batez, eta pertsona gehiegik ez du izango aukerarik gabonetako argi madarikatu horiek, ipurtargiekin nahasteko. Itzalak baino ez dituzte islatzen gabonetako argiek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun