Umeentzako euskarazko produktuen katalogoak banatuko dituzte etxeetara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 25a, 22:44
Gabonetan, euskaraz ere zer oparitu badagoela jakinarazteko, euskaraz argitaratu eta plazaratu diren hainbat produktuen katalogoa banatuko dituzte etxeetara Getxo, Berango, Erandio eta Leioako Udalek. 'Oparitu Euskaraz' izeneko kanpaina barruan dago ekimena. Gipuzkoan eta Nafarroan martxan dago aspalditik, eta orain, lehen aldiz, Bizkaian ere izango da Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) eskutik.

Guztira, 20 mila ale argitaratu dira Getxon, eta horietatik 18 mila postaz bidaliko dituzte etxeetara. Gainera, ekimen honekin loturik, katalogo horretan agertzen diren diska, liburu edota ordenagailu jokoak erabiltzeko aukera edukiko dute txikienek, Getxoko V. Euskara Jardunaldien barruan antolatu duten Euskarazko Produktuen Ludotekan. Azaroaren 25etik abenduaren 4ra egongo da zabalik, Algortako Kultur Etxeak Urgull kalean zeukan aretoan.

Berangon, Erandion eta Leioan, berriz, 1.000, 9.500 eta 5.000 katalogo argitaratu dira, hurrenez hurren.
Uribe Kostan ez ezik, Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon, Etxebarrin, Muskizen, Urduñan eta Enkarterrietan ere banatuko dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, 53.850 katalogo guztira lurralde osoan. Araban, berriz, 2000 ale Laudion. Gipuzkoan, udalek banatzen dituztenak, eta Nafarroan, hainbat liburutegi zein elkarteren egoitzetan eskura egongo direnak kontutan hartuta, 124.400 katalogo banatuko dira Hego Euskal Herrian, 31,1 mila euroko aurrekontuarekin.

Euskarazko Produktuen Ludoteka Algortan

Aisialdian euskara sustatzea da ekimen honen helburu nagusietako bat. Uribe Kosta eskualdeari dagokionez, 20 mila katalogo argitaratu dituzte Getxon eta horietatik gehienak (18.000) etxeetara bidaliko dituzte postaz. Gainera, arlo ezberdinetako azken berrikuntzak bildu nahi izan dituzte gida horietan. "Musika, zinea, informatika, jokoak eta literaturako hainbat produktuen bilduma osatu dute umeei eta gazteei opariak egiterakoan gurasoek kontuan har ditzaten", Elena Coria, Euskara eta Gazteria zinegotziak gaur azaldu duenez.

Katalogoaz gain, Urtxintxa Elkartearen laguntzarekin, 6 eta 14 urte bitarteko umeentzako, Euskarazko Produktuen Ludoteka Ibiltaria jarri du abian Getxoko Euskara zerbitzuak. Bertan, katalogoan agertzen diren hainbat produktu egongo dira gurasoek eta umeek azter eta ezagutu ditzaten. Horren barruan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte ere: pelikulak, tailerrak, ipuin kontalariak eta abar egongo dira abenduaren 4a arte.

Ludoteka, Kultur Etxeak lehen Algortako Urgull kalean zeukan aretoetan dago zabalik gaurtik aurrera. Goizez, ikastetxeetako umeak bisitatuko dute eta arratsaldez nahi duen guztia joan daiteke, 17:00etatik 20:00ak arte. Larunbata eta igandean, berriz, 12:00etatik 20:00etara eta 17:00 etatik 20:00etara egongo da denontzako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun