Pilotaleku berria inauguratuko du Betiko Ikastolak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 28a, 22:26
Leioako Betiko ikastolak pilotaleku-kiroldegi berria inauguratuko du bihar, politika, kultura, gizarte eta kirol munduko hainbat pertsonen partaidetzarekin, Ibilaldia 2004ko aurreko ekitaldien baitan. Besteak beste, Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburua, Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkatea eta Koldo Tellitu Betiko ikastolako lehendakaria izango dira ekitaldian. Egun osoan zehar, bertsolariak, dantzak, esku pilota partidak, herri bazkaria, txotxongiloak eta erromeria egongo dira, besteak beste.
Horretaz gain, Koldo Arrese eta Abel Ariznabarreta (Jaurlaritzako Hezkuntza Saila), Gotzon Lobera (Bizkaiko Foru Aldundia), Erramun Osa eta Pedro Aranburu (Ikastolen Elkartea), Iñigo Urkullu eta Ana Ares (EAJ), Martin Aranburu (EA), Jone Goirizelaia (Sozialista Abertzaleak), Joserra Etxebarria (AuB), Txomin Lorca (LAB), Jose Angel Iribar (Athletic Club), Carlos Lasa (Bizkaiko Pilota Federazioa) eta Oier Zearra eta Imanol Agirre pilotari bizkaitarrak ere egongo dira ekitaldian.

Inaugurazio ekitaldia 10:30ak aldera hasiko da, Koldo Tellituk, Karmelo Sainz de la Mazak eta Anjeles Iztuetak eskainiko dituzten hitzaldiekin; ordubete geroago, pilotaleku-kiroldegi berria zabalduko dute Iztuetak eta Betiko ikastolako ikasleek. Horretarako, aurreskua, euskal dantzak eta bertsolariak egongo dira, pilotari profesionalen erakusketa batekin bukatzeko.

Arratsaldeko ordu bi t'etan herri bazkaria egingo da, eta 16,30etan txotxongiloen ikuskizun bat antolatu dute. Azkenik, 18,00etan, erromeria egongo da Roberto eta Keparen eskutik. Gainera, egun osoan zehar, txosna, Ibilaldi 2004ko arropen salmenta eta giro aparta izango direla adierazi dute antolatzaileek.

Antolaketan parte hartzeko deia

Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolak dira 2004ko Ibilaldia antolatzeko arduradunak. Publizitatean, arropa dendetan, kulturan, kirolan, prentsan edota muntaian laguntzeko jendea eskatzen dute. Horrenbestez, Ibilaldiko antolatzaileekin kontaktuan jartzeko helbide elektroniko hau jarri dute: ibilaldia2004@yahoo.com


Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun