Egitarau paragabea larunbatean Getxoko V. Euskara Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 28a, 23:10
Getxoko V. Euskara Jardunaldien barruan, biharko prestatu duten egitaraua ez da nolanahikoa. Batetik zirkua izango da protagonista, 12:30etik aurrera, Detraka Taldeak eskainiko duen 'Zirkus Mirkus' antzerki saioan. Bestetik, kirola eta bertsoak uztartuko dituzte bertso-pilota ikuskizunean, 19:00etan. Eta azkenik, 'Maite Out' bere azken diskoa aurkeztuko du Bide Ertzean-ek, 20:30ak inguan. Ekitaldi guztiak Algortako San Nikolas Plazan egingo dira eta sarrera dohainik izango da.
12:30etik aurrera, 'Zirkus Mirkus' kale antzezlana egongo da ikusgai Algortako San Nikolas plazan. Ekitaldi ikusgarria, erritmo bizikoa eta dibertigarria dugu Detraka Taldeak Getxora dakarkiguna. Bertan, pistako nagusiak panpintzarrak aurkeztuko dizkigu, zirkuko pertsonaiek, umeen partaidetza dutela, saio ikusgarriak burutzen dituzten bitartean.

Toki berean, 19:00ak aldera, berriz, puntako pilotariak eta bertsolariak arituko dira bertso-pilota ikuskizun berrian. Batetik, Etxahun Lekue eta Fredi Paia bertsolariak eta, bestetik, Martín I, Martín II eta Erakuskin pelotariak izango ditugu protagonista.

Bertsolaritzak ez du lotura zuzenik pilotarekin, ezta bertsozaleek pilotazaleekin ere, baina ekitaldi bitxi bezain bakan honetan alor biak uztartzen dira oso era egokian. Izan ere, pilota partida bat bertsoz janzteak bikoiztu egiten du erakargarritasun efektua. Alde batetik, pilotarien artean ez ezik, bertsolarien artean ere zelanbaiteko lehia sortzen da, bertsolari bakoitzak bere pilotariaren alde egingo baitu. Eta bestetik, pilota partida batek izan ohi dituen hutsarteak bertsoz hornitzeak bigarren dimentsio bat ematen dio ikuskizunari.

Azkenik, bere azken diskoa aurkeztuko du Bide Ertzean taldeak, 20:30etik aurrera, San Nikolas Plazan (karpapean). 'Maite Out'-ekin bere hasierako ildoa berreskuratu dute musikari hauek.

Deabruak Teilatuetan taldearen alternatiba akustiko moduan sortu bazen ere, 1998tik aurrera bere ibilbidea sendotu zuen Bide Ertzean taldeak eta modan jarri zituen power-pop doinuak Euskal Herrian. Kaki Arkarazok ekoitzita, maxi bat eta iraupen luzeko hiru argitaratu dituzte gaur eguneko pop-rock talde indartsuenetariko bat izatera heldu arte.

Beren azkenengo lana 'Maite Out' deitzen da eta taldearen lanik osatuena da. Kantura gonbidatzen duten abestiak dira. Duncan Dhuko Joserra Senperenari esker (piano akustikoa eta Hammond-a) bide berriak urratu ditu taldeak. Rock metrikak ageri badira ere, hasierako planteamendu melodikoetara itzuli dira. Pop landua, konponketa dotorez jantzia, indartsua eta elementala.

Hiru ekitaldiak dohainik izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun