Ateak Zabalik Jardunaldiak Getxoko eta Leioako Lanbide Hastapenerako Zentroan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 2a, 22:34
Getxo eta Leioako Lanbide Hastapenerako Zentroak Ateak Zabalik Jardunaldiak egingo ditu asteazkenean eta ostegunean, zentroaren XV. urteurrena dela aprobetxatuz. Jardunaldi hauen helburua zentroa, eta bertan egiten den lana, Getxoko eta Leioako auzokideei erakustea da.
Lanbide Hastapenerako Zentroak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortu ez duten 16 eta 21 urte arteko gazteei dago zuzenduta. Gaur egun, bertan, 60 ikasle daude lehenengo mailan, Merkataritza, Pintura, Iturgintza eta Galdaragintza tailerretan banatuta; eta beste 50 bat bigarren mailan, Zurgintza, Hostalaritza, Gizarte Zerbitzuak eta Lorezaintza tailerretan. Ikasketak burutu ondoren, ikasle hauen kopuru handi batek lana topatzen du.

Getxoko eta Leioako Lanbide Hastapenerako zentroko zuzendariaren arabera, "Ateak Zabalik Jardunaldiak oso esperientzia positiboak dira, ikasleak lortzen ari diren aurrerapenak erakutsi ahal izateko".

Leioako Iparragirre kaleko 98 zenbakian izango diren Ateak Zabalik Jardunaldiak. Asteazkenean, 9:30etik 13:00etara eta 16:30etik 18:30era. Ostegunean, goizez bakarrik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun