'Euskaldunak Europako azken aztarna ote?' hitzaldi sorta Getxo Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 3a, 22:04
Gaurko 'Euskarak Getxon badu etorkizunik II' hitzaldia ez da euskararen inguruan egingo den bakarra izango. Izan ere, beste bi saiok osatzen dute Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak 'Euskaldunak Europako azken aztarna ote?' izeneko hitzaldi sorta. Besteak beste, Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera izango da eztabaidagai, abenduaren 9an, 'Euskararen egoera: kezkatzeko arrazoirik ba ote dago?' hitzaldian. Azkenik, jardunaldiei izena ematen dion 'Euskaldunak antzinako Europako azken aztarna ote' eskainiko dute, abenduaren 11an. Azken bi hauek ere, Algortako Getxo Antzokian izango dira, 19:00etatik aurrera.
Abenduaren 9an, 'Euskararen egoera: kezkatzeko arrazoirik ba ote dago?' hitzaldia eskainiko da.

Eusko Jaurlaritzak ere 2001eko datuak biltzen dituen 'III. Soziolinguistika Inkesta' aurkeztu berri du. Inkesta honen emaitzen arabera, gero eta euskaldun gehiago dago Euskal Herrian, baina euskara dakitenek gutxiago egiten dute. Bigarren hitzaldi honetan, Euskal Herrian euskarak bizi duen egoerari buruz zer esana duten adituak egongo dira mahaiaren inguruan: Pello Salaburu (EHUko errektore ohia eta euskaltzain osoa), Xabier Isasi (UEUko zuzendaria, psikologoa), Julen Arexolaleiba (Mondragon Unibertsitateko irakaslea) eta Miren Mateo (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria), besteak beste. Moderatzailea Konrado Mugerza (Irakaslea eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria) izango da. Horiei guztiei galdera hauxe egingo diegu: euskararen egoera kezkatzeko modukoa ote?

Abenduaren 11n, berriz, jardunaldi hauei izena ematen dien mahai-inguruarekin amaituko da berbaldi sorta.

Euskararen jatorriaren eta bere sustraien nondik-norakoen inguruko eztabaida lotan egon da urte luzeetan, auziak argibiderik izango ez balu bezala. Hala ere, badirudi loaldi horretatik iratzarri egin dela. Izan ere, Frantziako eta Alemaniako zenbait adituk plazaratu dituzten teoriek, berriro ere, egunkarietara, aldizkari zientifikoetara eta eztabaida-guneetara ekarri baitute gaia. Frantzian, esaterako, arlo ezberdinetako adituek (antropologoak, hizkuntzalariak, genetikan adituak) diotenaren arabera, euskaldunak gara jatorrizko protoeuropearrak, hau da, Europa osoa bizileku zeukan herriaren azken aztarna.

Europan argitaratu diren teoria berri horiei buruz euren iritzia eman dezaten, hauexek dira gonbidatuak: Mikel Iriondo (Antropologian aditua, EHUko irakaslea), Alfonso Martinez Lizarduikoa (Antropologoa), Xabier Kintana (Hizkuntzalaria eta euskaltzain osoa) eta moderatzaile lanetan, Kepa Altonaga (EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea). Azken hitzaldi honetan, aldi bereko itzulpen sistema ipiniko da euskaratik gaztelaniara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun