Getxoko emigranteak - Fredi Paya / bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 8a, 19:37
Agian batek baino gehiagok ez du ulertuko, edo ez du ulertu gurako, artikulu honen izenburupean agertzen den arazoa. Azken urteotan europarrok zein garapen ekonomiko jasoko lurraldeetan bizi garenok, etorkinen arazoa izan dugu mintzagai. Ramon Zallok, orain gutxi "Gara" egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, ekarpen kulturala zein fiskala egiten duten gizaki multzo moduan definitu ditu. Dudarik gabe, entzun dudan definizio objektiboenetako bat.
Egia da bai, gure herrian, Getxon, Euskal Herri kanpotik etorritako jende ugari agertu zaigula bat batean. Hego Amerikarrak eta ekialdeko europarrak dira gehienak. Baina hauei, edo hobeto esanda, hauen integraziorako egin beharko genukeen lanari buruz beste egunen baten idatziko dut. Gaur, txanponaren beste aldeari buruz ari naizelako. Gure herritik gogoz kontra alde egin behar dutenei buruz, alegia.

Zer edo zer arraroa gertatzen da Getxon. Etxebizitza berriak eraiki eta eraiki dabiltza azken urteotan, baina hala ere, herritik alde egin beharrean aurkitzen diren gazteak geroz eta gehiago dira. Merkatuaren jokoaren arauek ez diote Getxotar gazteari bere herrian, lagunak eta familia dituen lekuan, bizitzeko aukerarik ematen. Egonkortasunik gabeko kontratuen bidez ezin zaiolako aurre egin hemen saldu gura dizkiguten luxuzko etxebizitzen ordainketari. Ez behintzat langile gazte baten baliabideen bitartez, eta hemen ez ditut baloratuko gurasoek egin ditzaketen ekarpen ekonomikoak. Horrek ez duelako arazoa konpontzen.

Kanpotar dirudunak herritar xumeen truk aldatzen ditu eraikuntza politika honek. Diskriminazio hutsa, etikaren ikuspegitik gauza gogorragoak ere esan genitzake. Zergatik ez dio irtenbiderik jartzen udalak? Nire iritzia gura baduzue, udala eta eraikin enpresak artalde bereko ardiak direlako. Elkarren arteko lanak patrika asko bete ditu eta ez daude prest zapazto batzuengatik euren pastel ederrari uko egiteko. Argi dago bost urtetan lau gaztetxe egon izanak (denak ere errepresio basatiaren bidez erauziak) Zarraoa jaunak onartu gura ez duen arazoa jartzen duela mahai gainean. Etxebizitzarena eta espazio fisikoen beharrizanarena. Bere jarrera, herria eraikin enpresetako feniziarrei saldu eta protesta egiten dutenei egurra. Oso demokratikoa, bai jauna.

Bada garaia gure herrian bizi gura eta ziurrenik ekonomikoki luxuzko etxerik ordaindu ezingo dugunok zerbait egin dezagun. Zerbait gehiago esan nahi dut, Algortako Gazte Asanbladak urteak daramatzalako errealitate hau salatzen. Bota gura gaituzte herritik, kanpotar aberatsak etor daitezen, baina ez dute hain errez lortuko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun