Gutunen banaketa egiteko langile nahikorik ez dagoela salatu dute postariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 10a, 23:27
ESK, ELA, LAB eta CGT sindikatuek deituta, Algortako Metroko Plazan egin dute konzentrazioa, gaur goizean, Torrene kaleko posta-bulegoko langileek. Izan ere, Gabonetan lan-uzteak egitera deitu dituzte Bizkaiko postari guztiak, langileen ordezkariek. Ekintza hauen bitartez, euren lan baldintzak ez ezik, herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua ere hobetzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten eskatu nahi diete Posta-Zerbitzuko Bizkaiko Zuzendaritzako arduradunei. Langileen esanetan, "postari nahikorik ez dago, etxe guztietara behar bezalako banaketa egin ahal izateko".

Abenduaren 11 eta 12an ere lan-uzteekin jarraituko duten arren, bihar egingo den lurralde-asanbladan erabakiko da mobilizazioekin jarraitu ala ez. Horretaz gain, eragin dezaketen eragozpenak direla eta, erreklamazioak egiteko bezeroek 900 506 070 doako zenbakira deitzeko aukera dutela gogoratu nahi izan dute.
Langileen ordezkariek adierazi dutenez, azken hiru urteetan, nabarmen ugaritu egin da posta kopurua, batez ere gutun ziurtatuei dagokienez. Herri guztietan, "behar bezalako banaketa egin ahal izateko", langile gehiago hartzea eskatzen diete Posta-Zerbitzuko Bizkaiko Zuzendaritzako arduradunei. "Legez behartuta daude, baina lantaldea handitzeko inolako asmorik ez dauka Roberto Casis lurraldeko zuzendariak. Langile bat bajan dagoenean ere, horren ordezkaririk ez dute hartzen", diote postariek. Posta Zerbitzuak iaz izan zituen 82,7 milioi euroko diru irabazien zati "txiki-txikia" horretara zuzenduz egoera konponduko litzateke euren ustez.

Horren ondorioz, gutunak jaso gabe geratzen dira etxe askotan, banaketa egiteko postari nahikoa ez dagoelako. Gainera, egoera txarrera egin omen du, postariek ez zegokien zonaldeetan posta banatzeari uko egin ziotenean. "Guri dagokigun zonaldeak gutun barik geratuko lirateke", langileen iritziz.

Jadanik zortzi hilabete igaro dira, apirilaren 1ean, gatazka hasi zenetik. Ordutik hona, Bizkaiko posta-langileen gehiengoa osatzen duten ESK, ELA, LAB eta CGT sindikatuetako ordezkariekin biltzeko asmorik ez du agertu Lurralde Zuzendaritzak. Are gehiago, UGT eta CCOO sindikatuekin bakarkako akordioa lortzen saiatu direla salatu dute langileek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun