Minusbaliatuenganako sentsibilizazio kanpainia abian jarri du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 11a, 20:30
Balio-urritasunak dauzkaten getxoztarrenganako sentsibilizazioa bultzatzeko, ‘Ehuneko 100ean eskubideetan berdinak’ kanpainia martxan jarri dute Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuek. Auzotar guztiak kontzientziatu nahi dituzte, gaixo hauek euren arazoak gainditzen erraztasun handiagoak izan ditzaten.

Besteak beste, buru-urritasunak dauzkaten lagunek egindako 30 mila eskuorri banatuko dituzte etxeetara. Gainera, gaixo hauek gainontzeko herritarrekiko bizi duten ezberdintasun egoeraz ohartarazteko, iman bana oparituko dute eskuorriekin batera.
Datu ofizialen arabera, 2.300 dira balio-urritasunen bat daukaten getxoztarrak. Hala ere, Gizarte Zerbitzuetako arduradunek jakinarazi dutenez, kopurua askoz handiagoa da, zenbaki horietan, Bizkaiko Foru Aldundian, euren burua elbarritzat hartzeko eskaera egin dutenak baino ez direlako kontutan hartzen. Adibide bezala, 128 gor daude, ofizialki, udalerrian; baina gorren elkarteen datuen arabera, 2.200 lagun dira entzumen urritasuna dutenak, hau da, Getxoko populazioaren %2,6a.

1999 urtetik dabiltza egitasmoa abian jarri nahian, baina udalerriaren hedapenak atzerapenak ekarri ditu, kanpainia zabalagoa antolatu ahal izateko. Horretaz gain, erakundeak eta enpresa pribatuak erakarri nahi dituzte, irisgarritasunaren helburuaren alde lan egin dezaten.

Gizarte Zeritzuetako arduradunek gogoratu dutenez, arlo honetan egindako lanagatik da ezaguna udalerria. Besteak beste, Elbarri Fisikoen Koordinadoreak Getxoko Udala saritu zuen gizatalde honekiko egindako lan handia dela eta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun