Gabonetako argiek tirabira piztu dute Getxoko PP eta Udal Gobernuaren artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 12a, 21:49
Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak egindako kritikei erantzunez, merkatalguneko gabonetako argiztapena jartzeko, Getxo Enpresa eta Merkataritza elkarteari, aurten "inoiz baino dirulaguntza handiagoa" eman zaiola adierazi dute udal arduradunek. Izan ere, Udal Gobernuak "herriko ekonomiarako eta lanpostuak sortzeko erabakigarria den sektorearekin izugarrizko mespresua eta arreta falta" erakutsi duela adierazi zuen atzo Arruek.
2002an emandako dirulaguntzarekin alderatuta, %8an egin du gora aurtengo subentzioa, orohar 2003ko aurrekontua %5 handitu den bitartean, Getxoko Udalak adierazi duenez. 11 mila euro guztira. Honekin batera, Udalak merkatal guneko argiztapenerako beharrezkoa den energia elektrikoko gastuak ere bere gain hartzen duela gogoratu nahi izan dute. 2 mila euro gehiago, hurrenez hurren.

Merkatalgunean argiak jartzeko komertzio bakoitzak jarri behar izan dituen 120 euro "merkatarientzako udal zerga berritzat" jo zituen Arruek. Udalak, aldiz, Getxo Enpresa eta Merkataritza elkarteak argiak jartzeko egindako deialdira, aurten komertzio gutxiago batu direla argudiatu du, bakoitzak diru gehiago jarri behar izana azaltzeko.

Gainera, Herri-Merkatal Batzordeak pasa den urriaren 23an adostutakoaren arabera, ondorengo urtetan erabili ahal izango diren argiak (armarria daukaten argi arkuak eta zuhaitzetako, eraikinetako eta monumentuetako argiztapena) jarri ditu Udalak beste gune batzuetan. Orotara, 103.451, 70 euro inbertitu dituzte.

Gaur kaleratutako prentsa oharraren bitartez, merkatarien artean dagoen ustezko "haserrea eta egonezina" gezurtatu nahi izan dute udal arduradunek. Arruek aipatu zuenez, "alkatea ez ezik Gobernu Batzordeko zinegotzirik ere ez zuten gonbidatu merkatariek", merkatalguneko gabon argien pizketa-ekitaldira. Izan ere, bi ekitaldi ezberdin burutu dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun