Aisialdiko begirale izateko ikastaroak euskeraz gazteentzako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 13a, 21:47
Berangoko Udalak, aisialdirako begiraleen ikastaroa, euskaraz egiteko aukera eskainiko die herrian erroldatuta dauden gazteei. Ikastaroak bi urteko iraupena dauka (2004-2005) eta Eusko Jaurlaritzak aintzatetsia da. Urtxintxa eskolak emango ditu ikastaroko klaseak, eta bukatzean, ikasleek diploma ofiziala jasoko dute.
Ikastaroak 204 ordu teoriko-praktiko eta 120 ordu praktiko izango ditu; parte hartzeko Berangon erroldatua eta 18 urtetik gora izan behar dute parte hartzaileek. Gainera, klaseetara derrigorrez joan behar dira, ez joatea baja emateko arrazoia delako eta matrikularen dirua ez delako itzuliko.

Klaseak asteburuetan izango dira, Berangoko Santa Ana Kultur Etxean; larunbatetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00ak arte. Igandeetan, goizez bakarrik, 10:00etatik 14:00ak arte.

Matrikula egiteko Santa Ana Kultur Etxera joan behar dira, abenduaren 15etik 31ra bitartean, izena eman nahi dutenek. Plazak mugatuak dira eta gehienez 25 ikasleko talde bakarra eratuko da, matrikulazio-ordena errespetatuz. Lehen ikastaroa 2004ko otsailean hasiko da, eta abenduan bukatu.

Urte bakoitzeko, 86 euro ordaindu beharko dute partehartzaileek. Urte bakoitzean asteburuko bi irteera antolatuko dira, Kultur Etxetik kanpo. Gastu hori ez dago matrikularen prezioan, eta ikasleek ordaindu beharko dute (20 bat euro irteera bakoitzeko). Gainera, Berangoko Udalak matrikularen prezioaren %40ko dirulaguntza emango du, dirulaguntza barik prezioa 144 eurokoa izango litzateke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun