ARIKU, Berangoko Kultur eta Mendigoizale Taldea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 13a, 21:51
ARIKUk, hots, Berangoko Kultur eta Mendigozale Taldeak sei urte daramatza lanean euskal kulturaren alde. Esan beharra dago ekitaldi asko antolatzen dituztela Berangon geurea den kultura bultzatu eta zabaltzeko. Iazko aste kulturalerako adibidez ipuin kontalari bat ekarri zuten, eta ihauterietan berriz, kalejira, herri bazkaria eta berbena antolatu zituzten.
Adierazi beharrekoa da beste alde batetik, aurten 'Geurearen eguna'ren lehenengo edizioa antolatu duela ARIKUk, hain zuzen ere euskal kulturari bultzada bat emateko asmoarekin. Uztailean ospatu zen jai hura egundokoa izan zen, beste batzuen artean Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoak, Txan magoa, herri kirolak eta herri afaria egon zirelarik. Datorren 2004.urtean II.Edizioa ospatzea espero dugu.

Bestalde, udaberriari begira ARIKU Kultur eta Mendigozale Taldeak irteerak antolatuko dituela azpimarratu beharra dago. Edonola ere Gabonak udaberria baino arinago helduko dira eta horregatik egun horietarako zenbait gauza prestatu ditu ARIKUk.

- Abenduaren 19an, barikuan Bertso Afaria egongo da 21:30ean Berangoko La Palmera erretegian, Arkaitz Estiballes eta Etxaun Lekue bertsolarien eskutik.

- Abenduaren 21ean, domekan Kukubiltxoren 'Mamutxak' ikuskizunaz goza dezakezue 13:00etatik aurrera. Kale antzerkia Kultur Etxean hasi eta Sabino Aranara arte joango da.

Eta bukatzeko, ARIKUk Berangoko Santa Ana eskoletan primerako ikastaroak antolatzen dituela adierazi beharra dago, hori bai, hileroko 15 euroko kuotaren truke. ARIKUrekin kontaktuan jartzeko telefono honetara deitu arratsaldeko seietatik aurrera: 652747584

- Panderoa: eguaztenetan 19:00etatik 20:00etara.

- Alboka: barikuetan 18:30etik 19:30era.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun