Emakume baten gorpua aurkitu dute Punta Galeako arroketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 15a, 23:33
Emakume baten gorpua atera du Punta Galeako arroketatik, arratsaldeko bostak aldera, Ertzaintzako helikoptero batek. Hildakoak, 25 eta 35 urte bitarteko neska, ez zuen identifikazio agiririk aldean. Hori dela eta, hiritarren laguntza eskatu dute nor den jakin ahal izateko.
Ordu bata eta erdiak inguruan, telefono deia jaso dute Sos Deiak 112 Larrialdi Koordinaketa Zentroan, Punta Galeako arroken artean, Arrigunaga hondartzatik hurbil, gorpu bat egon zitekeela iragarrita. Bertara joan ziren ertzainek emakume bat zela egiaztatu ondoren, hildakoa haitzetatik ateratzera ekin diote.

Hala ere, itsaso bidez ateratzea zaila zela ikusita, Brigada Mugikorreko mendi-taldea eta helikopteroa etortzea eskatu dute Larrialdi Zerbitzuko adituek.

Epailearen baimena eskuan, emakumearen gorpua atera du, 16:45ak aldera, Ertzaintzaren helikopteroak. Bertara hurbildutako anbulantziako medikuak hilda zegoela egiaztatu ondoren, Bilboko Auzitegi-Patologia Zerbitzura eraman dute, autopsia egin ahal izateko.

Hildakoak ez zeraman identifikatzeko agiririk aldean. Hori dela eta, hiritarren laguntza eskatu du Ertzaintzak nor den jakin ahal izateko. Arraza txuriko emakume argala da, 25 eta 35 urte bitartekoa. Ile luze eta beltzarana dauka. Horretaz gain, beis koloreko plakak, kamiseta bi (bata morea eta bestea beltza), laukidun jaka eta marroi koloreko mendi-botak zeramatzala adierazi dute ertzainek. Espartzu-poltsa ere aurkitu dute bertan.

Nor den jakin ahal izateko, Getxoko Komisariako 944063420 telefono zenbakia (225 luzapenarekin) jarri dute daturen bat izan dezaketen guztientzako. Lehenengo ikerketen arabera, haitzetara erori da emakumea, oraindik zergatia ez dakiten arren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun