Euskara sustatzeko konpromizu argia hartu du Uribe Kostako Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 18a, 20:10
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) aurkeztu zuen abenduaren 15ean (astelehena) Sopelako Udaletxeko Hall Kulturalean Uribe-Kostako Mankomunitateak. Erakundea osatzen duten herrietan euskararen egoera, gaur egun, zein den ezagutzeaz gain, datozen urteetako hizkuntza-politika zehaztea da plan estrategikoaren helburu nagusia, Miren Dobaran Berangoko alkatesak adierazi zuenez. Gainera Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak onartua dago EBPN. Maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko eta, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko jarriko da abian.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak euskara belaunaldiz belaunaldi eta etenik gabe geroratzea bultzatuko du, irakaskuntza, helduen euskalduntza-alfabetatzea eta familiaren bidez. Gainera, eskolaz kanpoko erabilera sustatzeko, euskarazko zerbitzuen eskaintza zabala martxan jarri nahi dute hainbat esparrutan (administrazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, lana, aisia, kirola, erlijioa...). Azkenik, hizkuntza eroso eta erraz hitz egiteko, etengabe elikatzea aurrikusten dute corpus-plangintza eta euskararen kalitateari dagokionez, komunikabideetan, liburugintzan, publizitatean eta kulturgintzan.

Bestalde, Uribe-Kosta Mankomunitatearen eskura jarri du Alkarbide Bizkaiko Foru Aldundiak. Bizkaiko Euskara Zerbitzuak alkartzeko gunea da honako hau eta prestakuntza, koordinazioa eta aholkularitza eskaintzen ditu, besteak beste.

Plana aurrera eramateko Euskararen Aholku Batzordea sortuko dute: Mankomunitateko herrietako gizarte-eragileen 11 ordezkarik eta Administrazioko 4 ordezkarik osatuta. Besteak beste, organu aholku-emailea izango da hau. EBPN hiru urtekoa izango da: lehenengoa, ezagutarazteko, bigarrena, sendotzeko, eta hirugarrena, ekintzak ohiko jarduera bihurtzeko, kultura, kirol eta bestelako eskaintzetan.

Gainera, epe horretan, euskarazko ekintzak ugaldu egingo dira, horietako batzuk indartuz eta berriak sortuz. Hiru eragin-esparru nagusi izango ditu: irakaskuntza (eta horren ingurua), aisialdia eta kirola. Eta 24 urtetik beherakoei garrantzi handia emango zaie.

Biztanleen %41 da euskalduna

Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Gorliz, Sopelana eta Urduliz osatzen dute Uribe-Kostako Mankomunitatea, eta 24.500 biztanle inguru daude. 1996an Eustatek kaleratutako datuen arabera, horietatik %41 dira euskaldunak (%18 euskaldun zaharrak). Aipatzekoa da ere, 1981 eta 1996 artean %6 egin duela gora euskaldunen kopuruak.

Gainera, 24 urtetik beherako adin-tarteetan euskaldunak dira nagusi, eta 14 urtetik beherakoetan, bi herenek dakite euskaraz. 19 urtetik beherakoetan, berriz, hiru lagunetatik bat euskaldun berria da. Lanbide Heziketan izan ezik (A eredua da bakarra), D eredua da nagusi Uribe Kostako ikastetxeetan. Eta ondoren, B eredua.

Ahuleziak ere badaude, batez ere erabilerari dagokionez. Familietan erabilera ez dago oso sendo. Gainera, erdaldun elebakarren portzentaia nahiko altua da: %44,65. Hala ere, herrietako kultur zein bestelako taldeek gogotsu dihardute euskaraz ekintzak antolatzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun