Irakasleen adina - Jokin de Pedro / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 18a, 21:18
Irakasleon lana jendaurrekoa da, publikoa, zeozelan esatearren, beste askoren moduan. Bada, hala ere, beste lanbideetatik bereizten duen zer bat: aurrez aurre ditugun jendeak urtero edo ia urtero berrizten dira, batzuk joan besteak etorri, eta ondorioz, guk beti adin bereko jendea ikusten dugu pupitrearen bestaldean. Beste modu batera esanda, gure ikasleak ez dira hazten, ez dira zahartzen. Betiereko gaztetasunean irauten dute urteak joan urteak etorri, nola eta guk beti gazte-gazte ikusten ditugun ikasleok begien aurrean.
Horrek bere ondorioak ditu gugan. Batetik, gazte irauten dugu —izpirituz, esan nahi da—, gizartearen fruitu berriak, labaki desberdinetako nerabeekin egoten garelako urteetan eta urteetan. Horrek, nolabait, arnasa fresko bizigarri bat ematen digu eta karka bihurtzearen aurkako txertoa-edo izan liteke, ondo baliatuz gero, behintzat. Badakit irakasle guztiek ez dutena hau berdin sentitzen, eta zenbaitentzat pisu latza bilakatzen dela ikasturtez ikasturte nerabetasun betean etortzen zaizkigunak hezi eta jasan beharra.

Beste ikuspuntu edo alderdi batetik, berriz, irudi faltsua sortzen du betiereko gaztetasunezko inguru horrek. Izan ere, gure lantokiko —ikastetxeko— batezbesteko adina berdintsu mantentzen den bitartean gu zahartuz goaz, baina ezarian-ezarian zahartu beharrean, kolpeka konturatzen gara hamar urte lehenagoko klaustrokideen argazkiak ikustean, non gazteago eta guapoago agertzen ginen baina, hori bai, orduan ere oraingoak izan zitezkeen ikasle fresko eta gazte-lorekoez inguraturik.

Dorian Grey datorkit gogora: ustez gazte dirauen gizona, urterik urtera zahartzen ez dena; baina bere erretratuari begiratzen dionean adinaren arrasto gupidagabeak ikusten ditu…
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun