Euskaraz idatzitako liburuak oparituko dizkie haurrei Barrikako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 22a, 15:32
Jose Maria Ezpeleta Unibaso alkatearen eta Udala osatzen duten guztien izenean, Gabonak zoriontzeko gutunarekin batera, opari bezala, euskaraz idatzitako liburu bana jasoko dute Barrikako etxeetako gazteenek. Horretaz gain, herriko zenbait kultur eta kirol talde agertzen diren 2004 egutegia bidaliko dute etxeetara.

Aukeratutako liburuei dagokionez, adinen arabera daude banatuta eta etxekolanetan emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna daukate ardatz nagusi. Besteak beste, 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzako den 'Hori aurpegia', 'Nire aita etxekoandrea da, eta zer?' (8-11 urte) eta 'Hi bai matxista zikina' (12-16) liburuak aurkitu ahal izango dira.
Haurrak euskaraz irakurri ez ezik, liburuitegia erabil dezaten ere sustatzeko asmoz, 'Gabonetan ere, euskaraz irakurriz gozatu' lelopean Barrikako Udal Liburutegiak antolatu duen kanpainiaren barruan dago egitasmoa. Bertan aurkitu ditzaketen libururik interesgarrienak eta erakargarrienak aurkeztuko dizkiete haur zein gazteei. Horrekin batera, irakurzaletasuna eta aisiarekin lotutako hainbat aktibitate egingo dituzte Gabonetako oporretan. Gainera, euskarazko liburuekin lotutako gaiak izanik, Euskararen Eguneko jardunaldietako ekintza bezala hartu dute egitasmoa. Hori dela eta, Uribe-Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko dirulaguntza jaso du.

Aipatutako ekintzak abenduaren 22, 23, 29 eta 30 egunetan egingo dira Barrikako Udal Liburutegian, 11:00etatik 13:30era. Gainera, gaur, ipun kontalarien saioa burutu dute, eta 30an makilaje tailerra jarriko dute.

Aipatutako egunetan, arratsaldez ere egongo da zabalik liburutegia, aktibitate horiekin jarraitu edo bestelako zerbitzu bat nahi dutenentzako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun