'Terrorismoaren biktimak oroitzeko' adostasuna lortu nahi du Udal Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 22a, 18:28
"Terrorismoak eragindako biktima guztiak oroitzeko", Getxoko Udalak ordezkaritza daukaten alderdi guztien arteko adostasuna lortzen saiatuko da, hiru hilabeteko epean, Bozeramaleen Batzordeak. Hori lortzeko asmoa adierazi zuen Iñaki Zarraoa alkateak, abenduaren 19ko osoko bilkuran, ETAk hildako 15 lagun Getxoko semetzakoak egitea proposatzen zuen PPren mozioa bertan behera gelditu ostean. Gobernu Taldea osatzen duten EAJ, EA eta IU-EB alderdiek popularren eskaeraren aurka agertu ziren.
Imanol Landa Gobernu Taldeko bozeramaleak adierazi zuenez, PPk aurkeztu zuen Getxon hildakoen zerrenda "zehaztasunik gabekoa da" pertsonak falta direlako.Lagun horiek Getxoko semetzakoak izendatzeko jarraitu behar den tramitazioa ez dutela ezagutzen ondo erakutsi dutela popularrek gaineratu zuen. Are gehiago, "edukiera politikoa duen mozioa aurkezteko, terrorismoaren biktikak erabiltzea" leporatu zien Landak.

Carlos Aranguren PPko ordezkariak aitzakiatzat jo zituen Gobernu Taldeak mozioaren kontra agertzeko amandako arrazoiak. Luis Almansa PSE-EEko bozeramaleak, berriz, lagun horiek Getxoko semetzakoak izendatu ala ez alde batera utzita, "gaurko lehentasuna ETAri amaiera ematea eta honek eragindako biktimei elkartasuna erakustea" dela adierazi zuen.

IU-EBk, bere aldetik, mozioaren aurkako jarrera azaltzeaz gain, gai horren inguruan adostasuna lortzeko ahalegina egitea eskatu zien talde politiko guztiei.

Beste alde batetik, argi utzi nahi izan zuen Imanol Landak Getxoko Udalak beti egingo duela lan biolentzia baztertzeko eta gaitzesteko, eta aldi berean, terrorismoaren biktima guztiei errespetua erakusteko, “ETAk, GALek, torturak, sakabanaketak, frankismoak eta gerra zibilak eragindako biktima guztiei”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun