Ibilaldi Aurrea - Xabier Ugalde / Ander Deuna Ikastolako zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 22a, 22:01
Azken hilabetean Ibilaldi aurreko zenbait ekitaldi gauzatu dira gure inguruan. Eta hurrengo hileetan gero eta ugariagoak izango dira halakoak. Zertan esan beharrik ez dago Ibilaldi aurrekoak berez daukala garrantzi berezia. Halere, argi dago datorren urteko edizioak ohi baino indartsuagoa izan beharko duela egitaraua. Izan ere, Leioan eta Sopelanan Ibilaldia antolatzea eta herri batean burutu behar izatea ibilbidea bera, Ibilaldi aurreko presentzia nabarmen agertu beharko da Sopelanan. Ildo horretatik hainbat ideia, ekarpen, proposamen izan ditugu. Dena den, horren aurretik irizpide batzuk kontuan hartu behar ditugula uste izan dugu.
Lehenengoa elkarlana. Elkarlana era desberdinetan gauzatuko da. Inguruan ditugun talde, elkarte, instituzio eta hedabideek egin dizkiguten eskaintzak eta ekarpenak Ibilaldian txertatuz eta guztiok batera hainbat lagunengana helduz. Bakoitzak bere arloan daukan eskarmentua, azpiegitura eta ezagutza guztiok aprobetxatuz. Denok benetako parte hartzaile eta protagonista bihurtuz.

Bigarrena, kalitatea. Eta kalitatea esatean ez gara ari ikuskizun emoleen sonaz edo izan dezaketen erakargarritasunaz. Formatu txikian zein handian antolatzen den edozein ekitaldi dela ere, azpiegitura, baldintza teknikoak, zabalkundea ondo zaintzeaz arduratu eta, batez ere, parte hartzaile eta laguntzaileekiko begirune osoa izan.

Hirugarrena, gazteen parte hartzea bermatu. Zentzu horretan, gazteak beraiei begirako ekitaldietan parte hartzaile, antolatzaile eta kudeatzaile izan daitezela nahi genuke. Hezkuntzan gabiltzanez garrantzi berezia eman nahi diogu gazteen ekimenei.

Eta azkenik, halakoetan dabiltzanak izaten duten/dugun betiko muga. Aurrekontuak, hain zuzen ere. Hamaika dira antola daitezkeen ekitaldiak. Baina argi daukagu ezin gaitezkeela ur handiegietan sartu eta badakigu zeintzuk diren har ditzakegun arriskuak eta non dauden gure mugak.

Horiek guztiek irizpideek balio dezatela antolatzen direnetan ikusle, entzule, antolatzaile eta parte hartzaileak, oro har, ahalik eta ondoen senti daitezen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun