Hurrengo geltokia Castrolana - Alberto Hernández / Euskara irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 2a, 22:29
Datozen urteotan Berango ostean hauxe entzun liteke metroan goazela, baldin eta Bilbao Metropolitarraren eskualdea egituratuko duen PTPa dagoen moduan onartzen bada, plan honek egun ezagutzen dugun Sopela erabat desitxuratuko bailuke. Eta ez da euli kaka plan honek dakarrena, hona hemen zenbait datu:
Gaur egun Sopelak 11.000 biztanle inguru ditu, eta PTPak 2018rako beste 10.000 bat etxebizitza eraikitzea proposatzen du, etxebizitza guztiak okupatzeak biztanleria hirukoiztea lekarke.

Herri izaera erabat aldatuko litzateke, gaur Bilboaldean lan egiten duten hainbat pertsonen lo egiteko herria besterik ez bada zer ote hormigoizko herritzar proiektua?

Naturak ere aldaketa somatuko luke, batek daki zer nolako inpaktu jasan beharko lukeen gure inguruak. Berdeguneek errepide berriei leku eman beharko diete.

Ingurune pribilejiatuan bizi gara, honda dezagun, zaborraz, hormigoiz eta zarataz jasanezin bihur dezagun, diote zenbait politikariren burutapenek.

Ez gaitu harritu behar lur eta etxebizitza espekulatzaileek Sopela aukeratu izana bere negozioetarako, baina herritargoaren mesederako lan egin behar duten istituzioek (Bizkaiko Gobernu Batzordeak kasu) honelako planak bultzatzea susmagarria da, Sopeloztarrokin pentsatuz diseinutako plana baino espekulatzileekin pentsatutakoa ematen baitu. Eta Sopelako udal gobernua zertan ari da bitartean?

PTParen gaineko eztabaida estaltzen ari da, sekretupean mantendu nahi du, ez du herri mailan inolako azalpenik eman eta ez du inolako prozesurik abian jarri jendea jakitun egon dadin, zergatik? Batek daki politiko profesional hauen burmuinek zer darabilten, baina badirudi Bizkaiko agintariek Sopelako alderdikideen oniritzia jaso dutela PTPari dagokionez, nahiz eta Sopelako araudia aldatu behar horretarako.

Etorkizun iluna dugu, hala ere badago planari alegazioak jartzea, epemuga urtarrilaren 31.

2004rako iruzur berri bat abian da, beste bat…
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun