Bi tona gozoki banatuko dituzte Errege Magoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 3a, 18:25
Aurten ere, Erregeen Kabalgata herriko kaleetan zehar ibiliko da datorren urtarrilaren 5ean. 18:00etatik aurrera, bederatzi karroza, lau fanfarria eta fantasiazko bi trenek bi ataletan banatuko den ibilbideari ekingo diote, Getxo, Algorta, Areeta eta Erromoko auzuneetan zehar kaleak musikaz, kolorez eta, batez ere, gozokiz betetzeko. Errege Magoek jendearen artean bi tona gozoki banatuko dituzte-eta.
Kabalgataren lehenengo zatia Andra Mari Kiroldegian hasiko da, eta handik abiatuta Getxo auzunea eta Algorta zeharkatuko ditu. Maidagan kaletik jaitsi eta Aingeruaren Etorbidea, Telletxe, Algortako Etorbidea, Maria Andresena kaleetan barrena ibiliko da, berriro ere Telletxetik igaro, eta Algortako Etorbidean ibili ondoren, Kasino aurrean amaitzeko. Lehenengo atal hau egiten dutenean, Errege Magoak Algortako Getxo Antzokira joango dira txikienen eskariei erantzuteko.

19:30ak aldera, kabalgataren bigarren atala hasiko da. Oraingoan Areeta eta Erromoko auzuneetan ibiliko dira. Maximo Agirre, Santa Ana, Kale Nagusia, Ezekiel Agirre, Kresaltxu, Gorbeia Mendia eta azkenik Gobelaurre kalea izango dute ibilbide. 20:15ak inguruan burutuko dute ibilbidea eta, orduan, erregeak umeekin egongo dira berriro, Andres Isasi Musika Eskolan.

Eskualdeko beste zenbait herriei dagokionez, jaiotza bizia eta opariak ematea egongo dira, 19:00etatik aurrera, Sopelako Urgitxeta Plazan. Ordu erdi beranduago, berriz, Erregeei harrera egingo zaie udaletxean eta txokolate jana egongo da.

Gorlizen, Eliz Plazatik abiatuko da kalejira, 18:00etan, herriko txokoak zeharkatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun