Zentroko toki-arazoei irtenbidea eskatzen dute Gobela Ikastolakoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 9a, 20:52
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta Bizkaiko delegazioko arduradunei, Internet bidezko mezuak bidaltzeko kanpaina abian jartzea erabaki du Gobela ikastola publikoko eskola kontseiluak. Honen bidez, 2004ko aurrematrikulazio epea hasi baino lehen, zentroan daukaten toki-arazoari "irtebide duina" emateko bilera ahalbidetu nahi dute.
Eskolak euskara hutsez ematen dituen zentroko irakasle eta gurasoek azaroaren erdialdean hasi ziren mezu elektronikoak bidaltzen, arazoari "ahalik eta lasterren" irtenbidea emateko asmoz. Izan ere, urte gutxiren buruan, ikasle-lerro bakarra izatetik, bigarren lerroko hasierako mailak ikaslez gainezka edukitzera igaro da Gobela Ikastola. "Benetan bilakaera aparta, baina toki-arazo larriak ditugu", diote.

"Hezkuntza arduradunekin berriro noiz helduko zai gaude. Izan ere, egoerak irtenbide azkarra behar du. Otsailean matrikulazio garaia dator, zer esango diegu euren seme-alabak ikastolara ekarri nahi dituzten gurasoei", adierazten dute Gobela Ikastolakoek.

PP eta PSE-EEren kritikak

Larrañazubi zentroarekin batu ala ez, ikasleak San Ignacio ikastetxearekin aldatzeko, hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena begi onez ikusten zuen Gobela Ikastolak. Bata bestea baino handiagoa baita. Hala ere, San Ignacio eta Larrañazubiko gurasoen (A eredukoak ikastetxe biak) eta, PP eta PSE-EE alderdien kritikak jaso eta gero, "azalpenik eman gabe atzera egin zuen" Hezkuntza Sailak. Eraikinean beste solairu bat edota instalazio gehiago egitea ere aipatu zen bere garaian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun