Elbarrientzako taxiak jartzeko hitzarmena "oso motel" doa Udalaren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 10a, 20:50
Elbarrientzat egokitutako bi taxi jartzeko, Espainiar Gobernuko Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioarekin sinatutako akordioaren betearazpena "era traketsean eta oso motel" egiten ari dela salatu du EAJ, EA eta IU-EB alderdiek osatzen duten Getxoko Udal Gobernuak. Once fundazioak ere hitzartutakoaren dirua "ez da oraindik heldu", udal arduradunek adierazi dutenez.
Balio-urritasunen bat daukaten herritarrak gizarteratzen laguntzeko lortutako akordioagatik poza adierazi zuen atzo Getxoko PPk, Marisa Arrue alderdiko bozeramalearen eskutik. Jadanik badabilen egokitutako taxia "ondo baino hobeto" funtzionatzen esateaz gain, Espainiar Gobernuaren "borondate ona" nabarmendu zuen zinegotziak, "udalekin elkarlanean aritzen delako". Hala ere, ez daude horren pozik Getxoko Udal Gobernuko kideek. "Madrilen hitzarmena sinatu duten" ere ez dakite, Imanol Landa Presidentzia Arloko zinegotziak atzo adierazi zuenez.

2003ko uztailan eman zuen hitzarmenaren berri Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Udalerrian elbarrientzako bi taxi jartzeko, 12 mila euro jarri behar zituen sinatzaileetako bakoitzak. Hala ere, Udalak baino ez du jarri dirua eta, ondorioz, taxi bakarra dago martxan. "Hitzarmenaren filosofia egokia dela pentsatzen jarraitzen dugun arren, sinatutakoaren betearazpenari dagokionez, ez gaude popularrak bezain pozik", Imanol Landak gaur 'Deia' egunkarian agertutako albistean adierazten duenez.

Gorlizen eta Plentzian ere badaude

Getxon badabilen elbarrientzat egokitutako taxiaz gain, Gorlizen eta Plentzian aspalditik funtzionatzen dute. Horietako edozein hartu nahi izanez gero, Getxoko Radiotaxi (94 489 09 09) zentralera deitzea besterik ez dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun