Bizikletarekiko tratua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 13a, 19:09
Hilabeteak dira uda amaitu zela eta hondartzara edo igerilekura joateari eta bizikletan ibiltzeari utzi geniola. Ni, urtero bezala ez naiz aparte ibili eta nire mountain bikearekin zenbait kilometro egin ditut Getxotik etengabe bueltaka. Baina zoritxarrez betiko zenbait arazorekin egin dut topo, hala nola, errepideetatik ibiltzeak dakarren arriskua, zenbait ibilgunetan ibiltzeko debekua eta bizikleta erabiltzeko bideen eskasiak.
Hala ere amorru handiagoa eman zidan zerbait gertatu zitzadanean, eta ziur nago ez nintzela bakarra izan.

Iazko udako egun bero batean, nire lehengusu txikiarekin bizikletaz Areetatik Portu Zaharrerako bidegorritik ibiltzeko intentzioarekin atera nintzen etxetik. Ereaga hondartzara heldu bezain laster kotxez beterik aurkitu nuen bidegorria. Amorrazio handiz itzuli nintzen etxera, hori baita gaur egun Getxoko jende askok duen jarrera lotsagarria, kotxea edozertarako erabiltzen dutenak, baita zakarra botatzeko zaborrontzietara autoz hurbiltzen direnak ere.

Hondartza inguruan bueltaka dabiltzan txapelgorriek ez lukete lan makala izango kotxeen jabeei isunak jartzen. Baina ze demonio! Errazagoa da Algortako Basagoitiko etorbidetik bizikletaz lasai eta astiro doan pertsona jarrera harroz geldiarazi eta isun batez "saritzea", paseatzen dauden inguruko atso eta agureek txapelgorriaren ekintza txalotu eta txirrindulariari denetarik deitzen dioten bitartean.

Errudunik egotekotan biak lirateke errudun eta ez bat, ez baita bidezkoa kotxearen jabearen axolagabetasuna zigortu gabe ustea. Gainera bada garaia garraio publikoz, bizikletaz edo oinez mugitzeko, azken baten denontzat baita onuragarria.
Azkenik, gutun honen publikazioa ahalbidetu didatenei eskerrak ematen dizkiet. Espero dut honi buruz erreakzio txiki-txikiren bat sortaraztea. Besterik gabe, mila esker gutunari arreta jartzeagatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun